Kooperatibak: gehigarri berezia

Unai Lopez Ormaetxea eta Iñaki Madina Agirre: "Pertsonen garapenaren alde egiten dugu"

Babestutako edukia 2025eko urriaren 31

Unai Lopez Ormaetxea eta Iñaki Madina Agirre.

Antzuolan sortu eta oraindik ere egoitza nagusia bertan duen GOIZPER kooperatibak balio kooperatiboak oinarri dituela begiratzen dio etorkizunari.

Etengabe aldatzen ari den ingurune global honetan, GOIZPER ziklo estrategiko berri bati ekiteko prestatzen ari da. Bi ahotsek islatzen dute erakunde horren oraina eta etorkizuna: presidenteak, Unai Lopez Ormaetxeak (Arrasate, 1972), eta zuzendari nagusiak, Iñaki Madina Agirrek (Oñati, 1973).

70 urte beteko ditu GOIZPER-ek 2029an; zer esan nahi du horrelako ibilbidea duen enpresa bat gidatzeak?

U.L.: Erantzukizun handia da, baina harrotasuna ere sortzen du. GOIZPER 1959an jaio zen herrian [Antzuola], bazkide fundatzaileak izan ziren hamaika herritarren eskutik. Industria lankidetza ikuspegitik sortzeko egin zuten lan, eta espiritu horrekin jarraitzen dugu egun. Erronka da nortasun horri eustea testuinguru global batean, non balioak indarrean jarraitzeaz gain, inoiz baino beharrezkoagoak diren.

Zer adierazten du eredu kooperatiboak GOIZPER-en eguneroko jardunean?

U.L.: Esan nahi du bazkide bakoitza parte dela enpresaren erabaki aktiboetan eta etorkizunean. Hemen ez gara jabeez eta enplegatuez ari, enpresa elkarrekin eraikitzen duten bazkideez baizik. Horrek oso bestelako konpromisoa sortzen du lanarekin, berrikuntzarekin eta proiektuaren iraunkortasunarekin.

Zer garrantzi du kooperatiba kulturak taldeen kudeaketan?

U.L.: Berebiziko garrantzia du: uste dut gure kooperatiba izaerak erraztu egiten duela GOIZPER-eko bazkide eta langile guztiek elkarrekin eta norabide berean arraunean egitea. GOIZPER-ek arrakasta handiko istorioa du, eta ziur gaude proiektu partekatuaren sentimendu hori elikatzen jarraitzea lortzen badugu punta-puntako enpresa izaten jarraituko dugula. Eta pertsonen konpromisoan ikusten dugu sentimendu hori, hazten jarraitzeko duten anbizioan eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko duten motibazioan.

Plan estrategiko bat ixtear dago; zein da urte hauetako balantzea?

I.M.: Sendotzeko eta hazteko zikloa izan da. Dibertsifikatu egin ditugu gure hiru negozio-lineak –potentzia transmisioak, ihinztadura-soluzioak eta tratamendu bioteknologikoak– eta nazioarteko presentzia indartu egin dugu; hamabost ordezkaritza eta beste bost lantegi produktibo. Hori guztia, kooperatibismoaren esentzia galdu gabe. 2025ean 110 milioi euro inguruko negozio-zifra lortzea aurreikusten dugu.

Zeintzuk izan dira plan estrategiko horren lorpenik handienak?

I.M.: Ekoizpen-prozesuen optimizazioan eta garapen teknologikoetan izan dela esango nuke. Fakturazioaren %3ren eta %5en arteko inbertsioa egin dugu ikerkuntzan eta garapenean, eta batezbesteko lau eta bost miloi arteko inbertsioak urteko produkzio hobekuntzetan. Horrez gain, baita merkatu berriak irekitzea ere; arriskuak orekatzeko aukerak eman dizkigu. Era berean, ezin dugu ahaztu iraunkortasunaren alde egin den apustua.

Zein ildotan zentratuko da plan estrategiko berria?

I.M.: Nazioartekotzearen arloan, gure erronka nagusietako bat da gure filial eta bezeroekiko lotura sendotzen jarraitzea. Gure posizio estrategikoak egonkortzen jarraitzea da asmoa, aukera eta kolaborazio berriak identifikatzea, modu jasangarrian hedatzeko etengabeko berrikuntzan eta produktuen garapen berrian oinarrituta.

Hitz egin dezagun pertsonei eta balioei buruz; nola bihurtzen dira horiek politika zehatz?

I.M.: Balio kooperatiboak gure proiektua den hau geure gain hartzeko palanka dira. Alde horretatik, pertsonen parte-hartzea bultzatzen dugu erabakietan, kooperatibista izateak esan nahi baitu guztion ahotsak hartzen direla kontuan.

Nola prestatzen da GOIZPER talentu eta lehiakortasun erronketarako?

I.M.: GOIZPER osatzen dugun guztiok pertsonen garapenaren alde egiten dugu, eta profesional onenak txertatzen jarraitzearen alde: ikuspegi berriak ekarriko dituztenak eta gure proiektua aberastuko dutenak. Gakoa da daukagun esperientzia belaunaldi berrien freskotasunarekin nahastea; betiere, esparru kooperatibo baten barruan. Kooperazioa bultzatzen dugu barrutik, eta lehiakortasuna kanpotik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak