Landatxope erretiratuen elkarteak eta Gatzagako, Elgetako eta Antzuolako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Bideberrik, memoria tailerra egingo dute, azaroaren 5etik aurrera, eguaztenero. Ordu eta erdiko hamar saio egingo dituzte, Landatxoperen egoitzan. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Interesa duten erretiratuek hilaren 31 baino lehen eman behar dute izena, udaletxean edo Landatxopen. Nagore Otadui antzuolarra izango da irakaslea. "Memoria lantzeko ariketak egingo ditugu, batik bat. Parte hartzen duen pertsona kopuruaren eta dituzte gaitasunen arabera antolatuko ditugu saioak", azpimarratu du.
Funtzio kognitiboak
Gaur egungo erretiratuak oso aktiboak dira eta horrek laguntzen die memoria bizirik izaten. "Oso garrantzitsua da memoria lantzea. Ikerketek hori diote. Alde batetik, funtzio kognitiboak lantzeko balio digu; hala, gure garuna aktibo eta martxan mantentzen dugu. Beste alde batetik, narriadura kognitiboa prebenitzeko edo atzeratzeko balio du. Izan ere, adinean gora goazen heinean, memoria kaltetuta eduki dezakegu. Esango nuke memoria lantzeak onurak besterik ez duela ekartzen. Guztiok zaindu beharko genuke memoria", dio Otaduik.
Ariketa praktikoa
Eguaztenero 09:30etik 11:00etara egingo dituzte saioak. Gehienetan ariketa praktikoak egingo dituzte: "Memoria tailerra ematen dudan lehen aldia da, baina, akaso, etortzen direnak egon dira aurretik besteren batean. Horrenbestez, lehen egunean ikusiko dugu zein den gura abiapuntua; eta horren arabera joango gara saioak zehazten eta adosten".
Hamabost urteko ibilbidea
Duela hamabost bat urte hasi ziren memoria tailerrak ematen Antzuolan. Talde bakoitzean zortzi eta hamabost pertsona artean ibili izan dira. "Egia esan, oso pozik gaude tailerrak ematen duenarekin. Parte hartu izan dutenek balorazio positiboa egin
izan dute. Gustura egon direla esan digute. Besteak beste, horregatik goaz 15 urte halako
tailerrak antolatzen", esan du Antzuolako eta Elgetako eguneko zentroetako koordinatzaile Itsaso Garmendiak.
Erretiratuendako tailerra da, eta erretiratu guztiek dute atea zabalik. "Oso talde handia izan ez dadin, gehienez hamabost bat pertsona onartuko ditugu. Baina, normalean, ez diogu inori ezetz esaten. Badaude errepikatzen dutenak; aurretik ibilitakoak. Berriak ere etorriko dira. Denak izango dira ongietorriak", gaineratu du Garmendiak