Ernai Antzuolarentzat "egun garrantzitsua" izan da gaurkoa, jendaurrean aurkeztu baitira estreinakoz, Zurrategin. Ekitaldiarekin hasi aurretik, presoen aldeko elkarretaratzea izan da plazan bertan, eta horrekin bat egin nahi izan du Ernaik.
Aurkezpenari dagokionez, bi zati izan ditu, lehenengo, bailarako Ernaiko ordezkariek hartu dute hitza; hauek, gazte mugimenduaren nondik norakoak azaldu dituzte. Ondoren, Ernai Antzuolaren txanda izan da; "gazteen artean sare sendo bat ehundu" nahi dute, "militantzia eta borroka politiko bidez herriko gazteen ahotsek espazioa izan dezaten".
Horrekin batera, besteak beste, hizkuntzarekiko, lurraldearekiko, eta feminismoarekiko konpromisoa azaldu dute, azken hori, Ernai Antzuolaren "ezaugarri nagusienetarikoa" izango dela aldarrikatuz: "Gure helburuetako bat da indarrez eta ilusioz betetako loraldi feministari eustea". Amaitzeko, luntx txiki bat egin dute, Amaiur eta Olaiaren kontzertu akustikoarekin girotuta.