Free Palestine izenpean, KCD gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta, hamazazpigarren aldia du aurten Bilboko Film Sozialen Nazioarteko Jaialdiak, eta Antzuolara iritsiko da, hirugarren urtez jarraian, emanaldiak egiten baitituzte herriz herri, eskaerak iritsiz gero. Hala, jaialdiko zazpi ikus-entzunezko ikusteko aukera izango da bihar, egubakoitza, 18:30ean hasita, Torresoroa aretoan.
Beste aldi batez, Anelkar elkartasun taldea da gaurko emanaldien sustatzaileetako bat, Antzuolako Udalarekin ez ezik, Bideberri Mankomunitatearekin eta Andramanuelak talde feministarekin elkarlanean, eta adierazi du "gai jakin batzuen ikusgarritasuna bermatzea" dela helburua, "munduko beste errealitate batzuk ikusgarri egitea", film sozialak erabiliz horretarako: "Funtsean, giza eskubideak, jasangarritasuna, genero berdintasuna eta kulturartekotasuna baitira, batik bat, ikus-entzunezko horietan lantzen diren gai nagusiak".
Gogoetarako bide
Ez daukate, Al fresco, Errotatiba, Blood like water, Solo Kim, Utländsk eta Guardianas del lago dira gaur arratsaldean ikusgai izango diren lanak, eta antolatzaileek nabarmendu dute horietatik bi euskaraz ekoiztutakoak izango direla, "azken urteetan ez baita erraza izan"; horrez gain, gazteleraz, arabieraz eta zutuhileraz eginiko lanak dira, eta errefuxiatu baten egoera, palestinar familia baten bizitza eta enpresa boteretsuen aurka ingurumenaren aldeko borrokak dira, besteak beste, lantzen diren gaietako batzuk. Zazpi ikus-entzunezkoetatik lau emakumeek ekoiztutakoak dira, eta gainontzeko hirurak, berriz, gizonezkoek, antolatzaileek bereizi egiten baitituzte egileak.
Zinemaldi horrek, "geldialditxo bat eginez, gizartearen erronka nagusiez gogoeta egiteko bide bat izan nahi du".
Zazpi ikus-entzunezko ikusgai
Ez daukate, Itxaso Jurado Fradua
Euskal Herrian ekoiztutako 5 minutuko dokumentala, euskaraz. "Yusek, 29 urteko gazteak, saiakera ugari egin zituen bere herrialdetik ihes egiteko; jasan zuen errepresioa eta poliziaren aldetik jasotako jipoiak kontatzen ditu".
Al fresco, Ignacio Rodo
Espainian ekoiztutako 8 minutuko fikziozko lan bat, gazteleraz. "Gela handia pisu zoragarrian. Kokapen ezin hobean. Bizitzera sartzeko modukoa. Oso argitsua".
Errotatiba, Iratxe Fresneda Delgado
Euskal Herrian ekoiztutako 8 minutuko dokumentala, elkarrizketarik gabekoa. "Ez-fikziozko film labur horrek oroimenaren hauskortasuna eta gizakiak oroipenak babesteko sortzen dituen lekuak erakusten ditu".
Blood like water, Dima Hamdan
Palestinan ekoiztutako 14 minutuko fikziozko lana, arabieraz. "Shadi abentura sekretu batean sartzen da, eta nahi gabe haren familia tranpa batera eramaten du, non bi aukera dituzten: Israelgo okupazioarekin kolaboratu edo haren herriaren aldetik lotsagarri eta umiliatuak izan".
Solo Kim, Javier Prieto de Paula eta Diego Herrero
Espainian ekoiztutako 20 minutuko fikziozko lana, gazteleraz. "Rose Kim nerabe transgeneroa da. Ez du haren izaera plazaratu, legez kanpo iritsi den herrialdean bakarrik dagoelako edo munduarekin duen lotura afektibo bakarra galtzearen beldur: Camila, zaintzen duen haurra".
Utländsk, Alba Lozano
Euskal Herrian ekoiztutako 21 minutuko fikziozko lana, euskaraz. "Esti Oiartzunera itzuli da, sei urtez Suedian bizi ondoren. Bere buruari agindu zion ez zela itzuliko; halere, ezegonkortasun ekonomikoa eta lan-prekarietatea direla eta, bueltan da. Herrian ez da ezer aldatu; ez dago egokitzeko prest".
Guardianas del lago, Jose Morales Ferruli
Guatemalan ekoiztutako 21 minutuko dokumentala, gazteleraz eta zutuhileraz. "Guatemalan, aj tz'utujilaa' emakume indigenen taldeak plastikoaren industriako enpresaburuen kontra dihardu borrokan Atitlan aintzira salbatzeko; aintziraren zaintzaileak dira tokiko biztanleentzat, euren eskuekin defendatzen baitute tz'utujil' maien mundua babesteko".