Ibai Larrea garaile izan da Irlandan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 13a, 13:30

Ibai Larrea korrikalari antzuolarra, erdia, Irlandako lasterketan. Irudia: Skyrunning.

Irlandan izan da Ibai Larrea korrikalari antzuolarra, Newcastlen, Skyrunning zirkuituko lasterketa batean, eta garaipena erdietsi du 23 urtez azpikoen kategorian, gizonezkoetan. Asturiasen izango da hilaren 26an, Munduko Kopan, baina puntuatu gabe. 

Ordubete, 37 minutu eta 35 segundo behar izan zituen antzuolarrak 20 kilometroko ibilbidea egiteko hilaren 11n, Irlandan, 1.300 metroko desnibelarekin, eta lasterketa "oso polita" izan zela adierazi du: "Igoera eta jaitsiera pila bat zituen, zati tekniko eta azkarrekin. Hasieratik hasi nintzen Tom Spencer izeneko lasterkari batekin, eta biok joan ginen hasieratik lasterketaren buruan ihes eginda; esango nuke lasterketaren erdia baino gehiago egin genuela elkarrekin. Azken aurreko igoeran, ordea, atzean laga ninduen pixka bat, eroriko bat ere izan nuen, baina sei kilometroren faltan esan zidaten minutu bat ateratzen zidala; hala, distantzia moztu nuen eta 300 metroren faltan harrapatu nuen, esprintean; azkenean, nik irabazi nuen".

Munduko Kopan bai, baina puntuatu gabe

Urriaren 26an, domeka, jokatuko da Skyrunning zirkuituko finala Asturiasen –17,5 kilometroko ibilbidea, 1.100 metroko desnibelarekin–, eta han izango da Larrea: "Joango naiz, lasterketan parte hartuko dut, baina sailkapen orokorrean ez naiz agertuko; izan ere, 23 urtez azpikoen kategorian hiru lasterketa egin behar ziren, baina bi bakarrik egin ditut puntuagarriak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak