Irakurle taldeak 'Euri eta ateri' liburuarekin hasiko du ikasturtea

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 13a, 09:28

2023-2024 ikasturteko irakurle taldeko kideetako batzuk.

Urriaren 15ean, eguaztenean, egingo dute lehen saioa, liburutegian, 18:30ean; sei saio egingo dituzte, eta Alaine Agirre arituko da gidari.

Ikasturtea hastear da Antzuolako irakurle taldea, eta Alaine Agirre idazlearen Euri eta ateri liburua izango da landuko duten lehendabiziko argitalpena, "euskal literaturako estilo eta ahots ezberdinak ezagutaraztea" baita helburua, Miren Zubikarai liburuzainaren hitzetan. "Hautaketa egitean, batetik, azken urteetan argitaratutako lan berriak izatea hartzen da kontuan, eta parte-hartzaileen proposamenak, bestetik; horrela ikasturtea orekatua izatea lortzen dugu, gai eta estilo anitzekin".

Eguaztenetan izango dira saio guztiak, ia hilabetero, eta honako hauek dira gainontzeko saioetan landuko dituzte liburuak: azaroan, Pleibak (Miren Amuriza); otsailean, Amorante frantsesa (Miren Agur Meabe); martxoan, Zoriona edo antzeko zerbait (Koldo Mitxelena); maiatzean, Bisita (Mikel Pagadi); eta azkenik, ekainean, aurrerago zehaztuko duten beste bat.

Saioen egitura

Saioetan, lehendabizi, parte-hartzaile bakoitzak bere inpresio pertsonala kontatzen du, irakurritako liburua oinarri hartuz, eta irakurketari buruzko gako batzuk ematen ditu ondoren Agirrek, bera baita dinamizatzailea. "Horrek elkarrizketa zabalagoa izatea ahalbideratzen du, bere rola garrantzitsua baita: irakurritakoa sakontzen laguntzen du, gai berriak proposatzen ditu eta eztabaida aberatsak sortu. Horrek guztiz bestelako esperientzia bihurtzen du saioa, eta irakurketak beste maila batera eramaten ditu parte hartzaileak". Zubikaraik, horrenbestez, argitu du saioak ez direla liburura mugatzen, "gaiek bizipen eta hausnarketa propioetara bideratzen dituztelako" parte-hartzaileak.

Irakurtzeko eta euskaraz aritzeko "gogoa" duten herritarrak biltzen dira batik bat saioetan, eta profilak "anitzak" dira: "Horrez gain, urtez urte nahiko egonkor mantendu da parte-hartzaileen kopurua, eta horrek erakusten du interesak jarraitzen duela. Aurpegi berriak ere beti daude, eta horrek freskotasuna eta ikuspegi berriak dakartza". Hala, Zubikaraik "irakurtzea gustuko duen edonor" animatu du saioetara, honako ohartarazpen hau eginda: "Ez da beharrezkoa literaturan aditua izatea: helburua da euskarazko liburuak irakurri eta horien inguruan hitz egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak