Euskara eta transfeminismoa uztartzea du asmo Euskuirt Egunak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 7a, 16:02

Altxalili taldearen ikuskizuna, 2024ko urriaren 12an Elorregin eginiko Queelorregi jaian. Irudia: Goiena.

Hiztunak eta lizunak izenpean, azaroaren 8an ospatuko da Antzuolan; egun osoko egitaraua antolatu dute, eta martxan da bazkarirako izen-ematea.

Euskara eta transfeminismoa uztartu nahian, Euskuirt Eguna antolatu dute Antzuolako Andramanuelak talde feministak, eta Morbor, Arrasateko genero disidenteen taldeak, eta Miau Estudioak. Haien hitzetan, transfeminismoa euskararentzat "espazio interesgarria" izan daiteke, "orain arte Euskal Herrian presentziarik ez zeukaten hizkuntzaren gaineko diskurtso eta iruditegiak bertatik eraikitzen ari direla" iritzita; horrenbestez, bi horien arteko uztarketan oinarrituko da eguna: "Euskal Herrian badira hainbat ekimen euskara eta transfeminismoa, queertasuna edota genero disidentzia elkarrekin lantzen dituztenak, baina, gaur-gaurkoz, ez da gaia lantzeko egun oso bat egin; bada, horixe da Antzuolan lehen aldiz egin nahi duguna, feminismoa eta genero disidentziaren arteko aliantzak euskaratik eraiki eta hauspotzeko asmoz". 

Horretarako, Hiztunak eta lizunak izenpean, mahai-ingurua egingo dute lehendabizi, Torresoroa aretoan, 12:00etan: Kattalin Miner, Alex Artzeluz (Altxa Lili) eta Kepa Yecora (EHGAM-Xoka egitasmoa) izango dira gonbidatuak, eta, besteak beste, euskara eta transfeminismoa lotzen dituzten praktikez jardungo dute; Onintza Legorburu antzuolarra, berriz, gidaritza lanetan arituko da, eta horrelako espazioen potentzialitateaz jardungo du.

Ekintza gehiago

Mahai-ingurua ez da eguneko ekintza bakarra izango, jarraipena izango baitu: pottorreoa bermutarekin, bazkaria, bingo mariketoa eta kalejira musikatua antolatu dituzte, eta egunari amaiera emateko, berriz, gaualdia, musika-eskaintzarekin: Andrigina, Bibiana Bakana, Labar, Uxue eta Xabirekin erromeria, eta Ttittiburu DJa. Jakinarazi dutenez, kontzertuetarako sarrerak bost euroko prezioa izango du, eta martxan da bazkarian izen-ematea ere, 10 euroren truke. Horrez gain, ohartarazpen bat egin dute: "Gorputz guztiak dira ongi etorriak, baina ez jarrera guztiak". 

Aparkalekua eta lo lekua

Lotarako lekua behar izanez gero, horretarako aukera egongo dela adierazi dute antolatzaileek: batetik, ibilgailuendako parkinga egongo da Antigua auzoan; eta bestetik, herri pilotalekuan lo egiteko lekua izango da, nork bere lo zakua eta esterilla eramanda. Halere, eskatu dute horren beharra izanez gero, bazkariko galdetegi berberean jakinarazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak