Herri curriculuma lantzen hasteko lehen urratsak egingo ditu Antzuolako Udalak, herriari buruzko ezagutzan eta transmisioan "hutsuneak" sumatu dituelako, herriaren "nortasunaren adierazgarri diren" lanak eta ekimenak egon arren. "Ikusi dugu gaur egungo umeak eta gazteak oso antzuolarrak direla, baina ez dakit jakingo luketen zergatia azaltzen. Nabarmena da gehienek ez dakitela herriko lekuen izenik, eta ezta zein ohitura dagoen Antzuolan ere. Herriaren transmisio hori berezkoa zen garai batean eskolan, irakasle gehienak Antzuolakoak baitziren, baina galdu egin da. Horrenbestez, zerbait egin beharra zegoela pentsatu genuen, eta une egokia iruditu zitzaigun horrelako lanketa bat egiteko", adierazi du Olatz Lezeta alkateak.
Udala izan da egitasmoaren bultzatzaile nagusia, baina eskolarekin hartu-emanean aritu da, haren iritzia jasotzeko. "Ontzat jo zuten proiektua, eurei ere ongi etorriko zaielako. Halere, ez dago soilik eskolarako pentsatua, horretarako ere balioko duen arren".
Heldu eta gazte, lau saiotan
Hilaren 15ean eta 29an, eguaztenetan, egingo dira lehendabiziko saioak, Olaran kultur etxeko beheko solairuan, 18:00etan hasita. "Helburua izango da denon artean identifikatzea zerk egiten gaituen antzuolar, zein elementutan hartzen duen horrek forma eta nola bizi ditugun elementu horiek. Hala, hortik identifikatu ahal izango ditugu zeintzuk diren prozesuan edukiz jantzi eta transmititu nahi ditugun elementuak".
Helduek egingo dituzte lehendabiziko bi saio horiek, baina gazteagoek ere euren iritzia emateko aukera izango dute, gai berbera landuko baitute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan diharduten herritarrekin eta batxilergoko lehenengo mailakoekin, beste bi saiotan: "Ikusi nahi dugu Antzuolatik Bergarara joaten direnean nola ikusten duten edo nola sentitzen duten Antzuola, eta DBH bukaeran, berriz, nolako bilakaera izan duten; azken finean, haiek dira etorkizuna, eta denok garenez antzuolar, gazte zein heldu, denen hitza kontuan izan behar dugu curriculuma eraikitzerakoan".
Parte hartzeko bideak
Saioetan parte hartzeko, batetik, gonbidapen pertsonalak bidaliko dituzte: "Nahiko zerrenda zabala atera zaigu, hainbat atal kontuan hartuta: adina, generoa, lehengo eta oraingo etorkinak, lanbidea, herriko eragileak, Antzuolako txokoak ongi ezagutzen dituztenak, herriko historia eta istoriok buruan gordetzen dituztenak...". Edozelan ere, identifikatutako pertsona horiez gain baliteke beste hainbatek ere parte hartu nahi izatea, eta bada horretarako aukera: "Denak izango dira ongi etorriak; zenbat eta jende gehiagok parte hartu, curriculum osatuago bat egingo dugu".
Hala, gonbidapenik jaso ez baina parte hartzeko gogoz dagoen orok aurrez eman dezake izena, udaletxean. "Bi saio besterik ez da izango, eta herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu. Proiektu polita eta aberasgarria da herritarrontzat".
Kaxoian sartzekorik ez
Herri curriculumen ereduak "bat baino gehiago" daude, baina herritarrek euren propioa eraiki beharko dute, honako puntu hauek barnebilduta: "Saioetan aterako dira puntuak, baina ezinbestekoak dira hizkuntza, ondare kultural eta naturala, eta hezkuntza. Dena den, argi daukaguna da ez dugula kaxoian sartzeko txosten mardul bat nahi; zerbait erabilgarria eta bizia osatu nahi dugu".
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea izango du bidelagun Udalak.