Igogailua kendu eta arrapala jarri dute Antzuolako gaztetxean, Udalaren ekimenez, gaur egun erabilerarik ez zuela iritzita, Aritz Igeltzen, Hirigintza zinegotziaren, hitzetan: "Gainera, urteko mantentzearen eta konponketen gastuak handiak ziren, eta horregatik ere erabaki genuen igogailuak ematen zuen zerbitzua arrapalak betetzea; aldi berean, irteera bat topatu diogu larrialdietarako ateari".
Eraikinaren luzera osoa hartzen du arrapalak, gaztetxeko sarrera orokorra baino aurreragotik hasi eta larrialdietako ateraino; horrenbestez, kendu egin dute kanporantz zegoen eskailera. "Era horretan, larrialdietako ateari irteera bat emango diogu, gaztetxean egiten diren ekintzetarako materialak sartzeko aukera izango baita; are gehiago, elbarriendako sarbide ere bihurtuko da". Gainera, arrapalak eraikinaren luzera osoa hartzen du, eta gaztetxeko biltegitzat erabiliko dute arrapalaren azpialdea. "Hori ahalbideratzeko elektrizitate lanak egin dira, generadorea tokiz aldatu eta konektatu baita biltegi berrian argia ipintzeko".
Udalarena da eraikina, eta Hirigintza batzordean sortu zen arrapalaren ideia; gaztetxeko kideekin hitz egin dute, halere: "Aurreproiektua landuta genuenean, erabiltzaileei aurkeztu genien ekarpenak jaso eta ados zeuden jakiteko. Iritzi horiek jaso ondoren ekin genien lanei".
35.622,91 euroko aurrekontua
Igeltserotza, galdaragintza, elektrizitate eta arotzeria lanak egin dituzte azken asteotan arrapala eraikitzeko, baina ez dute osorik amaitu, pintaketak egitea baita azkeneko urratsa: Igeltzen hitzetan, eraikinaren hiru aldetako fatxadak ez ezik, barandak eta arrapalaren alboak ere margotuko dituzte datozen egunotan. Hala, lan horiek guztiak egiteko 35.622,91 euroko aurrekontua zehaztu du Udalak.