Antzuolako lasterkaria duela bi urte Innsbrucken jokatutako Munduko Txapelketan izan zen, eta orduko esperientzia baliatu nahi izan zuen atzo, domeka, Canfrancen jokatutako Munduko txapelketan. Antzuolakoak indarrak gorde nahi izan zituen lehenengo metroetan, eta hala ere, lasterketa ostean egindako adierazpenetan aitortu zuen zirkuituko lehenengo eta bigarren itzuliaren artean makalaldi bati aurre egin behar izan ziola. Eta hala ere, errekuperatzeko kapaz izan zen Larrea, eta lasterketa 20 onenen artean amaitzeko. "Irteera kontrolpean eduki nahi nuen, duela bi urte Innsbrucken izan nintzen eta banekien zer norlako irteera izango zen. Ondoren bidetxurreko tartean postu onean sartu nahi izan dut, hor ez zegoelako aurreratzeko tarterik eta jaitsiera ona egin badut ere korrikalariren batek edo bestek aurrea hartu didate. Gero, Melanconicos deritzon tartean beherakadatxo bat izan dut, eta hor hainbatek hartu didate aurrea, baina behetik gorakoan, zirkuituko bigarren itzulian errekuperatu egin nahiz eta aurrea hartu didaten horiek harrapatu eta atzean utzi ditut. Egia da bigarren igoera hori aurreikusi baino luzeagoa egin zaidala, baina ondo joan naiz. Eta, azken jaitsieran neukan guztiarekin joan naiz, italiar batek –Lorenzo Cagnati– aurrea hartu dit eta harekin borrokan joan banaiz ere ezin izan diot harrapatu". Hala, lasterketako irudietan ikusten da antzuolarra dena emanda iritsi zela Canfranceko helmugara, 17. postuan.
Oihana Kortazar 48. postuan, Osa erretiratuta
Debagoieneko beste bi lasterkarien txanda egubakoitzean izan zen, Kortazar eta Osa izan ziren eta 45 kilometrotako lasterketan. Kortazarrek aste barruan aurreratu zion GOIENAri sufritzea tokatuko zitzaiola, ez zegoelako sasoi punturik onenean. Uztailean behatz potoloa apurtuta, lasterketan egote hutsa garaipena izan zen, eta 48. postuan sailkatu izana nabarmentzeko modukoa. Zera idatzi zuen elgetarrak bere sare sozialetan: "Arlo pertsonalean ez naiz gustura geratu egindakoarekin. Hainbat arrazoirengatik lehiaketatik kanpo sentitu nintzen, nahi bezala korrika egiteko aukerarik gabe. Hala ere, helmugara iritsi nintzen, banekielako lasterketaren ondorengo egunetan atsekabe handiagoa izango nuela proba amaitu ez banu. Ez nintzen gai izan munduko txapelketaren erritmo zorrotzari eusteko; baina bai gai izan nintzen tontakeriak alde batera uzteko eta korrika egiteko, inguruko paisaia zoragarriaz gozatu eta lasterketara bertaratu ziren pertsonen berotasuna sentitu nuen. Arrazoi eta pertsona asko zeuden helmuga-lerro hori gurutzatzeko".
Malen Osak ere ez du lasterketa honetatik zapore ona gordeko, hitzordua inoiz baino hobeto prestatu bazuen ere ezin izan zuelako lasterketa amaitu, erretiratu egin zen. Lehenengo igoera ondo egin zuela azaldu zuen, baina kilometroak aurrera joan ahala gaizki sentitzen hasi zen, karranpak ere izan zituen eta baita eroriko bat ere. Zeukan onena emateko aukera gabe, atsekabetuta utzi zuen lasterketa, baina indartsuago itzultzeko esperantzaz, izan ere, lasterketa aurretik inoizko sasoi puntu onenean ikusten zuen bere burua oñatiarrak, eta aurrealdekoen borrokan ibiltzeko esperantzaz zen.