Dominikar Errepublikako Fuerza Omeyana taldean, Lehenengo Mailan, dihardu jokalari Ibai Aguero Garay (Antzuola, 2005) futbolariak; abuztuko azken asteetan joan zen hara, eta han arituko da urtebetez, behintzat, epe-tarte horretarako baitauka sinatuta kontratua taldearekin. Handik erantzun dizkio galderak GOIENAri.
Hilabete igaro da hara iritsi zinenetik; zer moduz doakizu?
Hasieran sekulako aldaketa izan zen, eta nahiko gogorrak egin zitzaizkidan lehendabiziko egunak, hemen dena delako ezberdina: ohiturak, jendea... Hala ere, pixkanaka moldatu naiz, eta hobeto daramat egunerokoa. Hori bai: gehienbat, klimara egokitzea kostatu zait, sekulako beroa egiten baitu, eta hezetasuna ere nabaria da.
Berez, Lleidara joan behar zenuen, SHEE/IVEF ikastera...
Bai, mendiko espezializazioa egitera, baina aukera hau sortu zitzaidan, eta ez naiz damutzen hartutako erabakiaz. Banekien han [Euskal Herrian] gelditu izan banintz damutu egingo nintzela aukera honi uko egiteagatik eta esperientzia hau ez bizi izateagatik. Gainera, plaza gordeta daukat Lleidan; hor dago datorren urterako.
Bergarako taldean zenbiltzan futbolari; nola iritsi zitzaizun proposamena?
Printzipioz, futbola uztea pentsatua nuen, Lleidara joateko. Hori esan nion aurten nirekin harremanetan jarri den ordezkariari ere; hala ere, abuztuko azken asteetan eskaintza hau sortu zitzaion, eta aurrerapausoa ematea pentsatu nuen.
Zertarako aukera emango dizu esperientzia honek?
Lehenengo eta behin, gehiago ikasteko pertsonalki; hori asko baloratzen dut, gauza ezberdinak ikustea eta ikastea. Futbolari ibilbidearekin jarraitzeko aukera ezberdinak ere emango dizkidala uste dut, nazioarteko txapelketak-eta jokatzen baititugu.
Nolakoa da taldea?
O&M unibertsitateak finantzatutakoa da, eta bazkariak, esate baterako, hango jangelan egiten ditugu, baina, bestela, ez du lotura handirik. Santo Domingo hirian dago, erdialdean, Distrito Nacional zonan. Gainera, ez naiz atzerritar bakarra taldean, Euskal Herriko beste lau taldekide baitaude; horrek erraztu egiten du bizimodua. Hala ere, gainontzeko taldekoekin ere erlazio oso ona dugu.
Denboraldia hasita duzue; zer moduz doa?
Iritsi berri geundela hasi ginen, abuztuan, eta nahiko ondo doa. Ligan nahiko goialdean gaude, eta Karibeko Kopan ere jokatzen dugu. Nazioarteko txapelketa bat da, eta, oraingoz, nahiko sailkapen ona dugu. Gainera, ligan ez bezala, urrunago joaten gara partiduak jokatzera; esate baterako, Surinamen egon berri gara, eta Jamaikara joango gara datorren astean, hegazkinean. Pixkanaka mundua ezagutzen nabil futbolari esker, eta esperientzia berri horiek bizi izatea ondo dago.
Golen bat ere sartu duzu...
Bai, lehendabiziko partiduetan! Ea poliki-poliki gehiago heltzen diren...
Ezagutu dituzu txokoak futbolarekin; baita bakarka ere?
Egun batzuk libre izaten ditugu, eta bidaia txiki batzuk egin ditugu; adibidez, Punta Canan egon ginen. Horrez gain, hogei minutu ingurura ditugu hondartzak, eta horietako batzuk ere ezagutu ditugu.
Ikusiko al zaitugu Antzuolan hurrengo hilabeteetan?
Gabonetarako joango naiz; etxekoekin egoteko aprobetxatuko dut, oporrak izango baititugu astebetez. Bigarren denboraldiari ekingo diot, berriz, itzuleran: lehena abuztutik abendura izaten da, eta urtarriletik maiatzera bigarrena. Amaitutakoan, bidaiaren bat egingo dut hemendik gertu.