Bertsolaritzari "hutsetik heltzeko" aukera izango da ikasturte honetan ere

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 24a, 16:02

Kaleko bertso eskolako kideetako batzuk, iaz antolatutako 'Azaroan arazoak' txapelketan. Irudia: Goiena.

Martitzenetan izango dira eskola guztiak, 17:00etan hasita, gaztetxoei, hasiberriei eta bertsotan jakintza gehiago dutenei zuzendutakoak; Jon Mata Etxaniz arituko da irakasle. 

Bertsolaritzari "hutsetik heltzeko" aukera izango dute ia herritar guztiek 2025-2026 ikasturtean ere, martxan baita bertso eskolan izen-ematea. Martitzenetan izango dira gaztetxoendako saioak, lehen hezkuntzako laugarren mailatik DBHko hirugarren mailara artekoei zuzendutakoak, 17:00etatik 18:00etara, Jon Mata Etxaniz antzuolarraren eskutik; hala ere, egun eta ordu horretan bertaratzea ezinezkoa izanez gero, "hitz egin daiteke". Doakoak izango dira saioak, eta, interesa izanez gero, mezu bat bidali behar da bertsotanjolas@gmail.com helbidera izen-abizenak, jaiotza data eta tutorearen kontaktua adierazita, urriaren 1a baino lehenago.

Helduagoek ere izango dute bertsotan aritzeko aukera, gaztetxoen eran; kasu honetan, Kaleko bertso eskolaren eskutik. Batetik, hasiberriei zuzendutako eskolak izango dira, martitzenetan, 18:00etatik 19:00etara; bertsotan zerbait gehiago dakitenendako, berriz, 19:00etan hasita. Horretarako, bertso eskolako Whatsapp taldera batzeko eskaria egin dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak