Ibilgailu elektrikoendako karga-puntua jarrita dago, baina ez martxan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025eko irailaren 22a

Ibilgailu elektrikoendako Sagastiko karga-puntua. Irudia: Goiena.

Udalaren esanetan, trantsizio energetikoari "bultzada bat" emateko bide da ibilgailu elektrikoendako Sagastiko karga-puntua; halere, ez dago haren esku erabilera araudia, Ekiola baitago atzean. Errekaldeko puntua ere ez dago martxan, baina lanean dabiltza.

Urretxuko Ekiola Energia Kooperatibaren eskutik, ibilgailu elektrikoendako karga-puntua jartzeko aukera eskaini zitzaion Antzuolako Udalari, eta ontzat jo zuen proposamena, Aritz Igeltz Hirigintza zinegotziaren hitzetan: "Errekaldeko auzoan bagenuen karga-puntu bat; beraz, egokia iruditu zitzaigun herrigunean beste bat ipintzea, herritarrei erabilera zabaltzeko. Datorkigun trantsizio energetikoari bultzada bat ematea da".

Uztailean jarri zuten karga-puntu hori, Sagasti auzoan, baina, hala ere, ez dago martxan. "Hori ez dago gure esku; dena den, banatzailearekin gabiltza harremanetan, baimenak ahalik eta azkarren lortzeko". Azaldu duenez, Ekiolarena da eskumena, ez Udalarena, eta hari dagokio tarifak eta erabilera araudiak zehaztea ere; horrenbestez, aurrerago emango dute horren berri.

Errekalden, beste puntu bat

Errekalde auzoa berrurbanizatzeko lanak egitearekin batera jarri zuten ibilgailu elektrikoak kargatzeko lehendabiziko karga-puntua Antzuolan, orain dela ia bi urte. "Hornidura-puntu bat eskatu zitzaion aldi berean Iberdrolari, baina ematen zizkiguten puntuak ez ziren egokiak, arrazoi teknikoengatik", adierazi du Igeltzek; horrenbestez, haren esanetan, proiektu elektrikoa eginda dagoen arren, obra txiki bat egin behar du Iberdrolak karga-puntua martxan jarri dadin. "Jakinaren gainean dago, eta bi entitateen arteko koordinazioa lantzen ari gara gelditzen zaizkigun azkeneko pausoak emateko".

Sagastiko eta Errekaldeko karga-puntuez gain, "momentuz", ez du besterik jartzea aurrei kusten Udalak, herritarren eskariaren arabera egoera aztertuko dutela aipatu arren: "Guk ere moldatu egin beharko dugu datozen urteetako trantsizio energetikora".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak