Sei elektrosorgailu autonomoren bidez dabiltza bermatzen elektrizitate-hornidura Antzuolan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 17a, 11:39

Elektrosorgailu autonomo bat, Antigua eta Ibarre auzoen artean. Irudia: herritarra.

Sareko akats baten ondorioz, 14:00ak aldera argindarra joan zen atzo Antzuolako ia leku gehienetan. Iberdrolaren esanetan, arratsalderako aurreikusi zuten egoera bere onera itzultzea, baina ez zen hala izan. 

Udalaren arabera, Iberdrolarekin hitz egin ondoren, "goi tentsioko lur azpiko linea bat matxuratu egin da Ibarre eta Antigua auzoetako transformagailuen artean", eta konponketa nola egin daitekeen baloratzen dabiltza une honetan. Bitartean, eta "behin-behinean", elektrosorgailu autonomoen bidez dabiltza bermatzen Antzuolako elektrizitate-hornidura; zehazki, sei gailu jarri dituzte. Horrenbestez, ohartarazi dute balitekeela argi-mozketak izatea tarteka; hala ere, ez dakite noiz arte luza daitekeen egoera, Iberdrolak ez baitu zehaztu iraupenaren epea. 

Kableak erre diren lekua, Antiguan. Irudia: Udala.

Udalaren hitzetan, Iberdrolak jakinarazi duenez, "lehenago edo beranduago" gerta zitekeen gertaera bat da, Antigua auzoan erre diren kableak zaharkituta daudelako. Konponketarako, berriz, gaur-gaurkoz, bi aukera egon daitezke: berriak jarri edo lur osoa jaso linea osoa alda dezaten. Hala ere, Iberdrolak erabaki gabe du nola konpondu behar den arazoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak