41 pilotarirekin hasiko du ikasturtea, gaur-gaurkoz, Olaldek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 15a, 09:31

Pilota Eskola, artxiboko irudi batean.

Pilota eskolako gaztetxoez gain, elkarteak federatutako pilotariak ere baditu. Ikasturteko asmoen berri eman dute batzordekideek.

41 pilotarirekin hasiko du ikasturtea, gaur-gaurkoz, Olalde Pilota Elkarteak: batetik, 8 eta 13 urte arteko 30 herritar dabiltza iaztik Pilota Eskolan, benjamin, alebin eta infantil mailetan, baina litekeena da gehiago izatea ikasturte honetan, laster irekiko baitute izen-ematea; bestetik, 11 pilotari daude federatuta, eta hor bada, gainera, berritasun bat, Aitor Mendizabal, Manex Balerdi eta Eneko Sagastume antzuolarrak Olalderekin jokatuko baitute aurten, Soraluzeko Aitor Atxotegi eta Bergarako Ander Etxanizekin batera.

Debagoienan eta Debabarrenan jokatzen dituzte astero partidak pilotari gaztetxoenek, Manex Balerdi eta Xabi Jauregi entrenatzaile dituztela; nagusienak, berriz, Gipuzkoan eta Euskal Herrian aritzen dira.

Ikasturterako asmoak

Pilotan dabiltzan gaztetxoen hainbat gurasok osatzen dute elkarteko batzordea, eta ikasturteko asmoen berri eman dute. Haien hitzetan, honako ekintza hauetan parte hartzea dute asmo datozen hilabeteotan: Eskolarteko Txapelketa, Gipuzkoako Txapelketa eta Debagoieneko Gabon Kopa Txapelketa. Horrez gain, ekintza batzuk antolatzeko asmotan ere badabiltza: Emakumezkoen San Isidro Txapelketa, Atzeko Txapelketa Herrikoia, Olalde Pilota Eskola Herri Txapelketa eta herriko jaietan egin ohi duten pilota jaialdia. Are gehiago, Gipuzkoako Herriartekora aurkezteko aukera ere egon daitekeela adierazi dute, behin betiko erabakia hartu gabe duten arren.

Ekintza hauekin guztiekin "Antzuolako kirola, eta zehazki pilota, sustatzea eta indartzea" dute helburu elkartekideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak