Udaletxeko teilatua eta errekako gainezkabidea, udan eginiko lanak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 10a, 10:28

Udaletxeko teilatua konpontzeko lanak, atzo. Irudia: Goiena.

Isolamendua konpontzea izan da, besteak beste, udaletxeko teilatuko lanetako bat; horrez gain, herriko plazaren atzetik doan errekaren gainezkabideko altuera gutxitu dute, ura errazago pasa dadin.

Herriko jaien ondoren hasi zituen Egurki enpresak udaletxeko teilatua konpontzeko lanak, "oso egoera txarrean" zegoela iritzita, eta irailaren erdialdera amaitzea aurreikusten dute, Udalaren hitzetan: "Isolamendu gabeko teilatua zen, teilak zaharkituta eta mugituta zeuden... Itoginekin genbiltzan azkeneko urte hauetan. Egin beharreko inbertsioa zela ikusten genuen". Hala, uste du lanek etorkizunean energia aurreztea ahalbideratuko dutela.

70.000 euroko diru partida zegoen zehaztuta aurtengo aurrekontuetan lan horiek egiteko, baina 60.388,72 eurokoa izan da, azkenean, esleitutako aurrekontua. Horri, ordea, lan gehigarrien kostua gehitu behar zaio: 5.293,31 euro. "Lan batzuk sortu baitira: tximiniaren ur jarioak, teilatu-hodietan txoririk ez sartzeko egokitzapenak, isolamendurako hobekuntzak, margoketak...". Kobrezko erretenak ere jarri dituzte aurrealdeko eta atzealdeko fatxadetan.

Errekako gainezkabidea

Errekako gainezkabidean, herriko plazaren atzetik Kalebarrenera bidean, lanak egiteko ere aprobetxatu dute udara. "Altuera gehiegi eman zitzaion sarrerari bere garaian, eta uraren eraginez paretaren altuera handitu egin da urteekin; ondorioz, gainezkabidetik urik ez zen pasatzen, eta ez zuen bere funtzioa betetzen".

Udala "denbora luzez aritu da arazoa konpontzeko nahian" Ura Agentziarekin harremanetan, bere eskumena baita lan horiek egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak