Trekutz parke eolikoaren aurkako proiektuan urratsak egitea izan zuen aldarri iaz Trekutz Egunak, eta horrela izango da aurten ere, Geure mendiko bizitza eta erronkak ospa ditzagun elkarrekin lelopean. Meaka-Irimo herri plataforma da antolatzailea, urretxuar talde batekin batera, eta helburu dute "maite duguna defendatzen eta ospatzen jarraitzea".
Mendi irteera izango da lehendabiziko ekintza: 09:00etan abiatuko dira oinezkoak, Herriko Plazatik, eta 10:15ean elkartuko dira Trekutzen urretxuarrekin, Jon Ugarte mendizale eta hegazti-zalearen gidaritzapean ibilaldi gidatu bat egiteko. 11:30ean geldialdia egingo dute Meaka eta Irimo mendien artean, eta 12:45ean, berriz, urretxuarren eta antzuolarren arteko desafioa izango da Trekutzen, herri kiroletan arituko baitira. Amaitzeko, bazkaria eta Antzuolako Harrikada musika taldearen kontzertua antolatu dituzte.
Bi urteko bidea
Herritarrek 2023ko uztailean jakin zuten Irimon bi aerosorgailu jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak –Capital Energy enpresak, Cilda Energyren bitartez, 2021ean eman zuten Trekutz parke eolikoa gauzatzeko asmoaren berri–, eta batzen hasi ziren: "Egonezin hartatik abiatuta, galdera potoloak izan ditugu bileretan. Horiei erantzun nahian, gainera datorkigun proiektua Antzuolako mugez harago bizi dugun krisi egoera orokorrean kokatu behar izan dugu: klima aldaketa, energia krisia, hondamendi naturalak eta biodibertsitatearen galera".
Testuinguru horretan sortu zuten plataforma, eta lanean dihardute ordutik. Halere, bi urte pasa arren, ez dute proiektuaren egoeraren informaziorik jaso Eusko Jaurlaritzatik, Ingurumen Sailari baitagokio herritarrek eta Udalak jarritako alegazioei erantzutea. "Horrek kezka eta etsipena sortzen ditu, baina lagun artean Irimo inguruan buelta bat ematea besterik ez dugu behar indarrak berreskuratu eta lanean jarraitzeko". Uste dute "bizi dugun krisi anitzak aldaketa sakonak" eskatzen dituela, baina argi dute: "Ez ditugu gure natura-guneak galtzen utziko presaka eta informazioa eskuratzen datozen kanpoko enpresa pribatuen esku".