Ikasturte hasierako Elkartasun Jaia egin zuen atzo Antzuolako Anelkar elkarteak. Balorazio "oso positiboa" egiten dute. Herritarrek egindako patata-tortilletako pintxoak saltzen dituzten eta inoiz baino patata-tortilla gehiago jaso dituzte aurten. "51 izan dira. Normalean 40ren bueltan ibiltzen gara", azaldu du Anelkar elkarteko Jabier Etxanizek. "Herritarrek badakite hemen jasotzen den dirua nora bidaltzen den: Senegalgo Casamance eta Kongoko Kansenya bailaretan dauden proiektuetara. Bi herritarrek egiten dute horren jarraipena: Kristinak eta Bittorrek".
Elkartasuneko 400 pintxo
51 patata-tortillekin 400 bat pintxo saldu zituzten Anelkar elkarteko kideek eta laguntzera gerturatutako antzuolarrek. Talde bat arduratu zen patata-tortillak zatitu eta ogitan sartzeaz, beste taldetxo batek sagardoa eta ardoa banatu zituen eta bi lagun egon ziren txartelak saltzen. Aurretik egindako lana ere ez zen makala izan; edarietarako hozkailuak ekarri, mahaiak prestatu, amaitutakoan guztia jaso... Baina erantzuna ederra izan da eta merezi izan du.
"Normalean herriak oso ondo erantzuten du. Tortillak eskatzen ditugu, egiten dituzten eta gainera pintxoa jateko ordaindu egiten dute. Laguntzeko modu bat da eta horrela ulertzen dute antzuolarrek", azaldu du Etxanizek.
Eskolak Senegalen eta Kongon
Batutako dirua zertara bideratuko den galdetuta argi hitz egiten dute Anelkarretik: "Gauza asko egin daitezke, baina uste dugu formazioa dela eskaini dezakegun gauzarik handiena. Eskolak eraikitzea erraza da, baina gero mantendu egin behar dira, irakasleak ordaindu behar dira... Eta horretan ari gara Senegalgo Casamance eta Kongoko Kansenya bailaretan. Neskatilei arreta berezia jartzen diegu; izan ere, bestela, oso goiz ezkontzen dituzte eta eskola utzi egiten dute".
Aurten, antzuolarrek egindako Elkartasun Jaiari esker 1.219 euro bideratuko dira proiektu horietara.