1975eko abuztuan, orain dela 50 urte, sortu zuten Eperra elkarte gastronomikoa, eta mende erdia ospatuko dute bihar. "Elkartea abuztuan eratu zen, baina hilabete arraroa izan ohi denez horrelako gauzak egiteko, ospakizuna irailera atzeratzea erabaki genuen; hala, bazkari bat egingo dugu elkartearen aurrean", adierazi du Aitor Gabilondok, Eperra elkarteko batzordekideak. Aurten, gainera, duela 25 urte ez bezala, ospakizunerako gonbita zabaldu egin dute: "Elkartea ez dago bizirik soilik bazkideei esker, hainbat baitira haiekin batera datozen herritarrak; haiek ere gonbidatu egin ditugu bazkarira. Horrela, esker ona eman nahi diogu herriari".
80 pertsona batuko dira bazkarian, eta bertso saioa ere izango da, Eneko Araiztegi eta Aratz Igartzabal bertsolarien eskutik. Trikitilariek ere ez dute hutsik egingo: Antzuolan bizi den Unai Narbaiza arituko da panderoa jotzen, soinu-lagunarekin batera.
Ehiza elkartetik sortua
Eperra elkartea, batetik, gastronomikoa da, eta lerro horrek bete ditu 50 urte; bestetik, ehiza eta arrantza elkartea ere bada, eta hor du jatorria gastronomikoak. "Elkarte bakoitzak gai bat izan ohi du: Eperrak, arrantza eta ehiza; Olaldek, pilota; eta Danok Bat-ek, saskibaloia. Beteranoek diote elkartea eratzeko ehiztariak ibili zirela kalean jende bila, kapitala behar zelako, baina elkartea eratu eta martxan jartzean soilik ehiztariak sartu zitezkeela esan omen zuten; eta ondorioz, tira-bira batzuk sortu zirela. Egoera hori, ordea, asko aldatu da".
Zehazki, 60 bazkide ditu elkarteak, eta beste 30 gazte izandakoak dira: "65 urteak beteta dituztenak dira, kuotarik ordaintzen ez dutenak, baina bazkide baten eskubide berberak dituztenak, botoa izan ezik".
Gorabeherak elkarteetan
Eperra elkarteak –eta, oro har, elkarte gastronomikoek– gorabeherak izan ditu urteetan, eta horretaz jardun du Gabilondok, Eperra adibidetzat hartuta: "Lehen, beti zegoen itxarote-zerrenda bat, baina orain, ez dago inor atzetik. Esaterako, badaude bazkide batzuk 65 urte beteta dituztenak baina ordezkorik ez dutenak, eta, horrenbestez, bazkide aktibotzat jarraitu beharrean daudenak, horrela jasota dagoelako araudian". Horrez gain, uste du giltza-lagun figurak ez duela askorik lagundu elkarteen bilakaeretan, besteak beste, bazkideen bikotekideek eta seme-alabek aukera baitute elkarte askotan giltza erabiltzeko. Horrenbestez, herritarrak animatu ditu Antzuolako elkarte gastronomikoetan parte hartzera.
Dena den, bada itxaropen izpi bat, Gabilondoren hitzetan: "Antzuolako tabernetan dagoen giroarekin indarra hartzen hasi dira elkarteak. Gazte pila bat dabiltza, esaterako, futbola ikusteko aitzakiapean, elkarteetara etortzen, eta barra, behintzat, erabiltzen dute: lehen, ardoa zen protagonista, eta pattarra; orain, sagardoa, Coca-Cola eta garagardoa!".