Trekutz Eguna egingo dute irailaren 13an, zapatua, eta, bigarren urtez, Trekutz parke eolikoaren aurkako aldarria izango dute gogoan, Geure mendiko bizitza eta erronkak ospa ditzagun elkarrekin lelopean. Aurten, gainera, Meaka-Irimo herri plataformako kideak ez dira bakarrik aritu antolakuntza lanetan, alboan izan baitituzte urretxuarrak ere.
Trekutzera irteera izango da lehendabiziko ekintza; horretarako, 09:00etan aterako dira Herriko Plazatik, eta 10:15ean elkartuko dira Trekutzen urretxuarrekin, orduan hasiko baita ornitologoek gidatutako ibilaldi gidatua. 11:30ean geldialditxoa egingo da Irimon, eta, goizeko egitarauari amaiera emateko, Urretxu eta Antzuolaren arteko desafioa izango da 12:45ean. 14:30ean egingo da bazkaria, eta Antzuolako Harrikada musika taldearen kontzertua izango da arratsaldean.
17 euroko prezioa du bazkariko txartelak –haurrenak 10 eurokoa–, eta Aitz Garbi tabernan daude salgai; Urretxuko Apatxe eta Osaba tabernetan ere eskura daitezke. Edari zerbitzua ere egongo da.