AKEko gizonezkoen lehen taldean jokalari aritutakoa da Unai Murgiondo (Antzuola, 2001), baina, "lesio larri batzuk" tarteko, jokatzeari utzi behar izan zion. Bigarren entrenatzaile lanetan aritu zen iaz, eta ikasteko balio izan zion, besteak beste, orduko esperientziak, taldeko entrenatzaile berria izango baita 2025- 2026ko denboraldian. Azaldu duenez, bi entrenamendu egin dituzte dagoeneko, eta abuztuaren 25ean hasiko dira hurrengoak; hala, lehen sentsazioen berri eman du.
Nola eusten diozu hartu berri duzun ardurari? Gogotsu al zaude?
Egia esanda, naturaltasun osoz ari naiz eramaten. Argi daukat ardura handia dela, baina izugarrizko gogoarekin eta ilusioarekin hartzen dut entrenatzaile kargua.
Zertan jarriko duzu arreta entrenatzaile gisa?
Azken urtean bezala, jende asko izango dugu lantaldean; horrenbestez, jokalari bakoitzaren bertsio onena ateratzen saiatuko naiz, ahalik eta konpetentzia onena egon dadin. Ondoren etorriko dira emaitzak, seguru.
Orain oporretan zaudeten arren, bi entrenamendu egin dituzue; zer-nolako ezaugarriak ditu taldeak? Zer azpimarratuko zenuke?
Entrenamendu batzuk egin ditugu, eta baita jokalariekin aurkezpen bat ere, 2025-2026ko denboraldiaren planifikazioa azaltzeko. Gaur-gaurkoz, 25 jokalarik osatzen dute taldea, bi atezainekin. Hala ere, badakigu oraindik jokalari batzuk has daitezkeela; horrenbestez, oso gustura gaude horri dagokionez. Ia talde osoa dago antzuolarrez osatuta –23 jokalari, zehazki–, eta beste biak Bergarakoak eta Arrasatekoak dira, urteetan egon diren arren Antzuolan jokatzen. Horrez gain, aurreko denboralditik zazpi jokalarik utzi dute taldea, baina gazte mailatik beste zazpi igo dira lehen taldera. Gainera, badaude bueltan etorri diren jokalari batzuk ere, orain arte beste talde batzuetan egon direnak.
Horrenbestez, esperientzia gehiago eta gutxiago duten jokalariak daude taldean, ezta?
Bai; nolabait esanda, baditugu jokalari beteranoak eta, bestalde, baita izugarrizko gogo eta ilusioa duten gazte ugari ere. Era horretan, taldeak oreka ona duela iruditzen zaigu.
Ba al daukazu datorren denboraldian lortu nahiko zenukeen helbururik?
Denboraldi amaierarako ez dut helburu finkorik ezarri. Helburu txiki batzuk bai, jarri dizkiegu jokalariei, eta horiek betetzen joaten garen heinean emaitzak etorriko dira. Lehenago ere aritu izan zara entrenatzaile lanetan; esate baterako, bigarren entrenatzaile jardunean Aitor Aierberekin.
Zertarako balio izan dizu esperientzia horrek?
Bai; 2024-2025eko denboraldian bigarren entrenatzaile lanetan aritu nintzen Aitor Aierberekin –lehen entrenatzailea zen orduan Aierbe–, eta horrek futbola beste begirada batetik ikusten lagundu dit; era berean, baita esperientzia hartzen entrenatzaile gisa ere. Jokalari aritu nintzen aurretik lehen taldean, baina lesio larrien ondorioz jokatzeari utzi behar izan nion; bada, hain zuzen ere, horrek eraman nau kargu hau hartzera. Eskertzekoa da AKEk eman didan aukera eta niregan izandako konfiantza.
Kepa Etxaniz eta Ion Madariaga antzuolarrak izango dituzu bidelagun, bigarren entrenatzaile eta laguntzaile lanetan; zein izango da, zehazki, zuen antolatzeko era? Talde-lanean arituko al zarete?
Hori da; lan egiteko modua beti izango da taldean, nahiz eta bakoitzak bere arloan lagunduko duen. Kasu honetan, Kepa Etxaniz bigarren entrenatzailea izango da, eta niri laguntzen arituko da arlo guztietan, eta Ion Madariagari dagokionez, berriz, atezainekin arituko da lanean; horrez gain, baita estrategia arloan ere.