Gazte gara gazte

Nahia Garaikoetxea: "Oso aberasgarria da hezkuntza bereziko irakasle izatea"

Julen Murua Mesonero 2025ko uzt. 18a, 13:00

Nahia Garaikoetxea Iturbe antzuolarra.

Lehen Hezkuntzako gradua egin zuen Nahia Garaikoetxea Iturbek (Antzuola, 2003), hezkuntza bereziko espezialitatean, hain justu. Gustuko du jendeari erakustea, baina denbora librean beste hainbat kontutan ibiltzen da: musikari eta eskubaloi jokalari. Gaur-gaurkoz, Antzuolako jaiez gozatzen ari da, eta gero ikusiko du etorkizunean zer bide hartzen duen.

Hezkuntzaren zer arlotan irudikatzen duzu zeure burua?

Ez da erraza erantzun bat ematea; izan ere, azkenaldian, hezkuntza bereziko irakasle ibili naiz, eta esperientzia oso aberasgarria iruditu zait. Edozelan ere, ezingo nuke arlo bakar bat aukeratu.

Gaztetxoenekin ibiltzea gustuko duzu ala nagusiagoekin nahiago?

Biek dute euren xarma, baina zaharrekin hobeto moldatzen naizela esango nuke, pertsonalki hartu-eman handiagoa sortzen dela esango nuke, eta, zaharrenekin bizi izandako esperientziak direla eta, horrekin geratuko nintzateke. Hala ere, esan beharra daukat txikiekin ere asko gozatu izan dudala eta hainbat gauza ikasi ditudala.

Zer eman dizu eskubaloian hainbat herritan ibiltzeak?

Lehenik eta behin, jendea ezagutzea. Hori izan da eskubaloiak eman didan gauza handienetakoa; egin ditudan lagunak eta profesionalak, alegia. Bestalde, esperientzia, esango nuke. Talde bakoitzak lan egiteko modu bat du, eta hori jokalari batentzat beti da aberasgarria.

Eta zer kendu dizu?

Ez nuke esango ezer kendu didanik. Beti ematen du pena talde batean urteak igaro ostean utzi egin behar izatea; gehienbat, jendearekin sortutako harremanagatik. Zerbait esatekotan, hori esango nuke.

Musika ere gustuko duzu; musika eskolatik zatoz ala autodidakta izan zara?

Txikitan gitarra jotzen ikasten hasi nintzen musika eskolan, eta, pare bat urteren ostean, trikitia jotzen hasteko erabakia hartu nuen. Beste hainbeste urte ibili nintzen trikitia ikasten, eta azkenaldian, berriro ere hasi naiz gitarra jotzeari denbora gehiago eskaintzen.

Badago zure izaeratik aldatzea gustatuko litzaizukeen ezer?

Badaukat aldatzea gustatuko litzaidakeen pare bat mania, ez dizut gezurrik esango; kar-kar. Bestalde, kasu batzuetan pazientzia handiagoa izango banu ere eskertu egingo luke neure buruak, baita nire ingurukoek ere.

Antzuolako jaiak hasi ziren atzo; zer asmo astebururako?

Denbora askoan esperoan egon garen egunak dira. Hortaz, helburu nagusia etxean ahalik eta gutxien egotea dela esango nuke. Lagunekin ondo pasatzea eta parranda giroan ibiltzea da gure asmo nagusia; besterik gabe, gertukoekin gozatzea lau egun hauetaz.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Amonaren arroza.

Abesti bat? Biznagaren El entusiasmo.

Bidaiatzeko toki bat? Kostaldeko edozein herri.

Eskubaloiko erreferente bat? Nora Mork.

Bailarako mendi bat? Irimo.

Antzuolako txoko bat? Ezin dut bat aukeratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak