Harmailak, lehendabiziko aldiz, Eztala futbol zelaian

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 21a, 09:53

Harmailak eraikitzeko lanetan dabiltza ur deposituaren alboan. Irudia: Goiena.

Lanak irailaren erdialderako bukatzea espero dute AKEko batzordekideek, eta, ondoren, Udalarena izatera igaroko da instalazioa, udal lurretan baitago eraikita. Eskaria aspaldikoa dela adierazi dute, gaur-gaurkoz ez baitago harmailarik Eztalan.

Harmailak izango ditu, lehendabiziko aldiz, Eztala futbol zelaiak, joan den astean hasi baitziren lan horiek egiten, Iker Mansok, AKE-ko batzordekideak, jakinarazi duenez. Lehendabizi, obra zibilari ekin diote, harmailen zapatentzako zuloak egin dituzte eta porlanezko oinarri sendoak jarri; horren ondoren, harmailak muntatzea izango da hurrengo urratsa, gaurtik, hilaren 21etik, aurrera: zehazki, porlanez aurrefabrikatuak dira, modularrak. Muntatze-lanak, horrenbestez, uztailean amaitzea aurreikusten dute batzordekideek, eta iraileko lehendabiziko asteetan jartzea, azkenik, teilatu metalikoa.

90 pertsonarentzako edukiera izango du, gutxi gorabehera, harmailak, eta ur deposituaren alboan dihardute eraikitzen, pistaren gainean, futbol zelaian erdian zentratuta. 200.000 euroko kostua dute lanek –proiektuaren erredakzioa gehituz gero, 214.500 euro dira–, eta Goizper Taldea izan dute horretarako bidelagun, dirulaguntza eman baitio elkarteari. Horrenbestez, batzordekideek eskerrak eman dizkiete kooperatibari eta haren parte diren bazkideei.

Hitzarmena, sinatuta

AKEk du harmailak eraikitzeko ardura, baina Udalaren onarpena eta laguntza jaso behar izan ditu horretarako, eta bien arteko hitzarmena sinatu dute, herriko lurretan baitabiltza egiten lan horiek. "Udal eraikina izanik, ez du zentzurik AKE izatea jabea; hala, gainontzeko kirol ekipamendu guztien moduan, Udalarena, herriarena izatea da hitzarmenaren helburua".

Hain zuzen ere, udalbatzak ekaineko osoko bilkuran eman zion AKEri lan horiek egiteko baimena, aho batez.

Eskaria, aspalditik

Goizperrek iaz eman zion dirulaguntza AKEri, baina "arazo batzuk" tarteko atzeratu egin dituzte lanak. Harmailak jartzeko eskaria, hala ere, aspaldikoa dela azaldu dute batzordekideek. "Beste batzordeek ere gogoan izan dute gai hori, baina beste lehentasun batzuk tarteko gerorako utzi behar izan da beti. Hala ere, iaz erabaki zen une aproposa zela lan horiek egiteko, herritarrentzat izango den proiektutzat ulertuta".

Haien arabera, urteek aurrera egin ahala, Eztalako instalazioak erabiltzen dituzten herritarren kopurua "erabat handitu da", eta "inoiz baino beharrezkoagotzat" jotzen dute harmailen proiektua sustatzea eta bultzatzea, gaur-gaurkoz Eztalan ez dagoelako "baldintza egokiak" betetzen dituen aterperik: "Gainera, esan digutenez, adin nagusikoak direnak askotan ez dira partiduak ikustera joaten, ez dutelako inolako tokirik baldintza egokietan eserita ikusteko. Dagoen aterpe bakarra tabernakoa da, baina, txikia eta mugatua izateaz gain, ezer gutxi ikus daiteke handik. Iturri bat eta komun publiko bat dagoen eran, aterpe bat eta jesarleku apropos bat ere beharrezkoa da".

Belarra aldatzeko proiektua

Urtarrilaren 31rako belarra aldatuta egotea aurreikusten dute.

Harmailenak ez dira Eztalan egingo diren lan bakarrak izango, belarra ere aldatuko baitute. Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak, jakinarazi duenez, 295.000 euroko kostua dute lanek, eta udal gobernuak 70.000 euroko diru-partida zehaztu zuen lan horietarako 2025eko udal aurrekontuetan; hala ere, ekaineko osoko bilkuran kreditu aldaketa bat onartu zuten aho batez, eta 125.455,78 eurokoa izatera igaro da zenbateko hori.

Lezetaren hitzetan, zenbatekoaren %40 jarriko dute aurten, eta datorren urtean gainontzeko guztia. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Errealak dirulaguntzak emango dituzte; halere, dirulaguntzak eskuratzeko, lanak urtarrilaren 31rako amaituta egon behar dira. Horrenbestez, falta duten dirua lortzeko beste iturri batzuetara joko dute

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak