Caja Ruraleko Antonio Gonzalez nagusitu da Antzuolan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko uzt. 13a, 14:14

Antonio Gonzalez, txapelduna. (Argazkia: GOIENA).

Gaur goizean jokatu dute Iñaki Leteren oroimenezko Antzuola Saria. Podiuma Caja Ruraleko txirrindulariek osatu dute –talderik onenaren saria ere eskuratu du–. Antonio Gonzalez helmugaratu da lehendabiziko postuan eta haren atzetik sartu dira Iker Perez eta Mikel Uncilla. Mendiko Saria Finisher taldeko Raul Martinendako izan da.

Urteroko ibilbidea egin dute lasterketako irteeratik abiatu diren 154 txirrindularik, baina Asentzioko malda izan da punturik erabakigarrienetakoa. Caja Ruraleko Iker Perezek erasoa jo du, eta haren taldekide Antonio Gonzalezek erritmoari eutsi eta, azkenean, biak batera helmugaratu dira, Gonzalez aurretik zela.

Soriarrak lehendabiziko aldiz hartu du parte Antzuolako probak, eta "egun oso azkarra" izan dela adierazi du: "Espero nuen gehiago moztea mendiko lehenengo bi portuetan. Kartak oso ondo jokatu ditugu, beti jendea izan dugulako aurretik. Azken igoeran asko moztu da lehia eta portuaren amaieran erasoa jo dut nik ere, eta helmugara Perez eta biok batera heldu gara".

Lehen hiru sailkatuak Caja Ruraleko txirrinduraliak izan dira; Antonio Gonzalez (02:51:05), Iker Perez (02:51:05) eta Mikel Uncilla (02:51:16), hurrenez hurren. Mendiko Saria Finisher taldeko Raul Martinek irabazi du. 

Hiru debagoiendarrek hartu dute parte lasterketan, eta Beñat Iñarra aramaioarra 14. postuan sailkatu da (02:51:16); eta Aimar Erostarbe oñatiarra eta Unax Errasti antzuolarra 18. eta 19. postuetan sartu dira helmugan, 02:51:57ko denborarekin.

Caja Rural taldeka nagusi

Podiuma osatzeaz gain, talderik onena izan da Antzuolan Caja Rural eta hango txirrindularia da Aimar Erostarbe oñatiarra. Hirugarren aldiz hartu du parte lasterketa honetan, eta gustura agertu da taldearen lanarekin: "Lehen hiru postuak gureak izan dira, taldekakoa ere bai, hortaz, egun polita". Adierazi du, gakoa dela ihesaldietan adi egotea "talde garrantzitsuren bat" sartzen bada ere, eta Asentzion ere jarri du arreta. Azken malda izanik, hor erabakitzen dela dio lasterketa eta "gogor" egon behar dela.

Lasterketako irabazle Gonzalezek ere balioan jarri du taldea: "Caja Rural Alea gara, Espainiako talderik onena. Taldean giro oso ona daukagu, eta hori lasterketan ikusi da".

Herriaren babesa, Errastiri

Herriko saria eskuratu du Finisher taldeko Unax Errastik, eta herrikide eta lagunek babesa eman diote, besteak beste, udaletxeko balkoian pankarta jarriz. "Nahiko ondo" ikusi du bere burua lasterketan zehar, eta zenbait ihesalditan hortxe mantendu bada ere, azaldu du Deskargako bigarren itzulian, eta ostean, Asentzion, asko estutu dela lehia: "Pertsonalki, ezin izan diot erritmo aldaketari eutsi, eta 20 segundu edo galduko nituen Asentzion".

Antolatzaileak gustura

Parte-hartzearekin eta egon den giroarekin gustura agertu da Antzuolako Txirrindulari Elkarteko Joseba Lezeta. "Pena" hartu du talde bakar batek nagusitasuna izateak, haren esanetan "lehia gehiago gustatzen baita".

Halaber, anti-dopinga egin behar izan dute zenbait txirrindularik proba amaitzean: "Ez dakit ze sistema erabiltzen duten, baina guk gaur bertan jakin dugu etortzekoak zirela. Badaezpada, lokal bat eduki behar izaten dugu gertu, eta lasterketa hasi ondoren, agertu dira anti-doping arduradunak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak