Antzuolako jaian atarian, herriko pilota jaialdia ospatu zen atzo udal pilotalekuan. Data garrantzitsua izaten da herritarrendako eta Olalde pilota elkartearendako, eta eskualdeko pilotariak gonbidatzea ere garrantzitsua da antolatzaileendako. Aurten zortzi pilotaritik sei debagoiendarrak izan dira, eta sei hoietatik lau herrikoak, antzuolarrak.
Emakumezkoen partiduan, Insausti antzuolarra eta Betegi atxabaltarra partidu osoan zehar markagailuan atzetik ibili ziren, eta partiduaren bigarren zatian aldea asko murriztu bazuten ere, Intza Arruti zizurkildarra eta Leire Galeano antzuolarra zuzenago ibili ziren eta hala irabazi zuten norgehiagoka 18 eta 16koarekin.
Gizonezkoen kasuan ere antzeko egoera gauzatu zen. Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi bikote antzuolarrak ahaleginak egin bazituen ere, ez zen euren eguna izan atzokoa. Bestalde, Gontzal Azkarraga elorriarra seguru ibili zen atzeko kuadroetan eta Ander Etxanizek, atzeko sendotasunaren laguntzaz, tantoak amaitzen Mendizabalek baino gehiago asmatu zuen. Hala, 22ra iristea lortu zuten, herrikoak 18an utzita.