Atzeratu egin dituzte Ehunmilak eta G2H lasterketako irteerak

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 11a, 08:17

Iazko talde argazkia, ehunmilak proban.

Gaur, egubakoitza, 18:00etan zen hastekoa Beasainen Ehunmilak lasterketa, baina iluntzerako dagoen eguraldi iragarpenak tarteko antolatzaileek zenbait aldaketa egitea erabaki dute. Ehunmilak motzagoa izango da autengoa (125 kilometro) eta lasterketa zapatuan hasiko dute (11:00). G2H lasterketa, berriz, zapatuan 19:00etan hasiko dute.

Debagoieneko 46 lagunek hartu behar dute esku asteburuan Beasainen antolatzen duten Ehunmilak lasterketan (8 debagoiendar), G2H proban (24), eta Marimurumendin (14), eta lehenengo bi lasterketei dagokionez antolatzaileek hartu duten erabakiak zuzenean eragiten die. Bai eurei eta baita Gorla gainean anoa postua antolatzen duten boluntario debagoiendarrei ere. Hasteko, gaur 18:00etan ez da Ehunmilak lasterketaren irteera izango, eta bai bihar 11:00etan. "Ehunmilak antolakuntzak momentu honetan duen eguraldi aurreikuspen txarra kontutan hartuta, Euskalmetek (Euskal Meteorologia Agentzia) emandako informazioan oinarritzen dena, honako erabaki hauek hartu ditu korrikalari eta boluntarioen segurtasuna bermatu nahian: Ehunmilak lasterketari (ehm) larunbat goizko 11:00etan emango zaio irteera. Lasterketak 125km izango ditu eta 31 orduko gehieneko denbora izango du. Goierriko2haundiak lasterketari (G2h) larunbat arratsaldeko 19:00etan emango zaio irteera. Orain arteko luzera, ibilbidea eta gehieneko denbora (22h) mantenduko dira. Aldaketa hauek guztiek proiektu hau osatzen duten komunitate guztiari suposatzen dion ahalegina kontuan hartuta, zuen guztien ulermena eta laguntza eskertuko genuke".

Ekaitz arriskua arratsaldetik aurrera

Euskalmeteko iragarpenaren arabera, ekaitz arriskua dago arratsaldetik aurrera. "Arratsaldean giroa ezegonkortu eta bero-hodeiak garatuz joango dira; trumoi-ekaitzak botako ditu eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, txingorrarekin eta haize-bolada oso gogorrekin. Zaparrada hauek larunbat goizaldera arte luzatu daitezke. Larunbatean giro ezegonkorrak jarraipena izango du eta ekaitzak garatuko dira. Ekaitzak jotzeko probabilitatea handiagoa izango da goizaldean eta egunaren bigarren zatian. Aldiz, goiza eguneko unerik lasaiena izan liteke, eta zaparradak ahulagoak eta sakabanatuagoak izango lirateke".

Debagoiendarren parte-hartzea hiru lasterketetan

  • Marimurumendi marathon proba: Aramaio 1, Aretxabaleta 1, Arrasate 5, Bergara 2, Elgeta 2, Oñati 4.
  • Goierriko 2 haundiak trail: Aretxabaleta 1, Arrasate 8, Bergara 6, Elgeta 2, Eskoriatza 1, Oñati 6.
  • Ehunmilak Ultra-Trail: Aretxabaleta 1, Arrasate 2, Bergara 1, Eskoriatza 1, Oñati 3. Oñatiarretatik 3k gainera taldekako modalitatean parte hartuko dute proba elkarrekin hasi eta amaitzeko asmoz, modalitate honetan aurten 7 talde bakarrik egongo dira parte hartzen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak