Palestinako banderak zintzilikatzeko dei egin dute

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 15a, 12:01

Antzuola-Palestina taldeak ekainaren 27an eginiko ekintza bat. Irudia: Imanol Soriano.

Uztailaren 17an, eguena, banderak eta txapak saltzen arituko dira Antzuola-Palestina taldeko kideak, eta elkarretaratzea egingo dute ondoren; baita uztailaren 19an ere. Hurrengo batzarra hilaren 23an egingo dute, uda ondorengo ekintzak zehazteko.

Martxan da Antzuola-Palestina, hogei lagun inguruk osatutako taldea, eta Palestinako banderak balkoietan zintzilikatzeko dei egin du, palestinarrak jasaten ari diren genozidioa salatzeko eta ikusgarritasunean eragiteko asmoz. Hala, jakinarazi du banderarik izan ez eta eskuratu nahi duenak datorren eguenean, uztailaren 17an, herriko jaien hasieran, izango duela horretarako aukera, salgai jarriko baitituzte Kalebarrenen, 19:00etan hasita. Palestinako banderaren koloreak daramatzan txapak ere eskuragai izango dira.

Banderen eta txapen salmenta, ordea, ez da egun horretako ekintza bakarra izango, Oinarineko dantzari gazteen eta udalbatzako kideen soka dantzaren ondoren elkarretaratzea egingo baitute, Herriko Plazan, 20:30ean hasita. Informazio-panelak ere jarriko dituzte han, ekainaren 27an eginiko ekintza baterako erabili zituzten berberak; are gehiago, egun hartan eginiko mural parte-hartzaileko hitzak jendaurrera aterako dituzte, Palestinako herriaren egoerak herritarrei sorrarazten dizkien sentsazioak zeintzuk diren azaleratzeko.

Horrez gain, uztailaren 19an, zapatuan, beste elkarretaratze bat egingo dute: Zurrategi plazan izango da, Bergarako Musika Bandaren kontzertuaren aurretik –12:30ean hasiko da, hain zuzen ere–; banderak eta txapak eskuratzeko aukera ere izango da momentu horretan. Herritarrei mobilizazioetara batzeko dei egin diete.

Hurrengo batzarra

Bi astean behin elkartzen da, gutxi gorabehera, Antzuola-Palestina taldea, eta uztailaren 23an, eguaztena, egingo du hurrengo batzarra, arratsaldeko seietan, gaztetxean. Azaldu dutenez, jaietako ekintzak baloratuko dituzte lehendabizi, eta, ondoren, datozen egitekoak zehaztu, uda ondorengoak; esate baterako, Israeli boikot egitean jarri nahi dute arreta, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) mugimenduarekin harremanetan jarrita. Hala, norbaitek taldera batzeko interesa izanez gero, batzarrera joatea besterik ez duela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak