Bihar goizeko hamaiketan hasiko dituzte San Martzial jaiak, suziriak jaurtitzearekin batera; eguerdiko hamabietan, berriz, meza izango da ermitan, eta, ondoren, salda nahi duenarendako eta luntxa jubilatuendako; aldi berean, herriko trikitilari gazteen emanaldia ere izango da. Herri mailako Plater Tiroketa Txapelketa egingo dute 16:30ean, eta 17:00etan izango da San Martzialgo umeen krosa. 21:00etan herri afariak hartuko du lekua , Elustondo anai-arreben erromeriarekin, eta gauerdian suzko erruberak eta izozkia izango dira.
Desafioa, Irimoegigoiren aurka
Domekan txistulariak izango dira 11:00etan, eta 11:30ean hasiko da San Martzialera igoera, Peña Aiastuik antolatuta; ostean, dantzariak eta musika emanaldia izango da, Ibone, June eta Norarekin. Herri bazkaria ere egingo dute, Astiazaran eta Narbaizaren erromeriarekin, eta auzo arteko desafioaren bigarren edizioa hasiko da 18:00etan: Irimoegigoiko auzotarrak hartuko dituzte lizarragatarrek.