Areto-futbolaren topaleku bilakatuko da pilotalekua 24 orduz

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 2a, 11:58

Antzuolako udal pilotalekua, artxiboko irudi batean.

Egubakoitzetik zapatura artean berrehun pertsona inguru arituko dira areto-futbolean; 19:00etan izango da finala, zapatuan.

Areto-futbolaren topaleku bilakatuko da egubakoitzean eta zapatuan udal pilotalekua, 24 orduz arituko baitira kirol horretan jokoan, 1996-2004 urteen artean jaiotako hiru gazte kuadrillaren ekimenez. "Orain dela urte asko egiten zen horrelako torneo bat, eta duela zortzi urte inguru berrartu genuen berriro; hala ere, bi urtez egin ondoren, ez zuen jarraipenik izan. Duela hilabete inguru, baina, antolatzaileetako kuadrilla gazteenak hori egiteko gogoz zegoela komentatu zigun gainontzekooi, eta, azkenerako, hogei pertsona inguru elkartu ginen Trekutz elkartean 24 orduak antolatzeko", adierazi du Beñat Kortabarriak, antolatzaileetako batek.

Zehazki, hemeretzi taldek hartuko dute parte txapelketan, guztira berrehun pertsona inguruk, eta horietatik gehienak antzuolarrak direla jakinarazi dute antolatzaileek, taldeetako batzuetan badauden arren, esate baterako, urretxuarrak eta azpeitiarrak.

Lehenak, gaur arratsaldean

Txapelketako lehen fasea gaur arratsaldean hasiko da, zazpietan, eta bihar eguerdira arte, 13:00ak arte, iraungo du, gelditu gabe arituko baitira areto-futbolean. "Lehenengo, lau taldetan banatuko gara, eta talde bakoitzeko bi onenak hurrengo fasera pasatuko dira", azaldu du Kortabarriak, ordutegi zehatzaren berri ematearekin batera: "14:00etatik 16:00etara jokatuko dira bihar final laurdenak, eta 16:30etik 17:45era, berriz, finalerdiak; azkenik, 19:00etan izango da finala. Gainera, finalerdien eta finalaren artean jolas batzuk egingo ditugu".

Txapelketan parte hartu edo ez, antolatzaileek pilotalekura joatera eta hango giroaz gozatzera animatu dituzte herritarrak; are gehiago, jakinarazi dute ordu gehienetan zabalik egongo dela gaztetxea, eta, horrenbestez, hara ere joan daitekeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak