Egubakoitz arratsaldean eman zien jaiei hasiera ohiko umeen sagar dantzarekin. Ostean, Elkartasun Festa egin zuten Anelkar elkartearekin batera, eta gauean, herri afaria egin zuten, nork berea eramanda eta Xabier Insausti antzuolarraren kontzertu akustikoaz girotuta. Egunarekin bukatzeko bingoan eta aulki-jokoan jolasteko tartea ere hartu zuten bertaratu zirenek.
Zapatuan, goizean goizetik festa giroa izan zen nagusi; izan ere, gaztetxoenek jolasteko toki bat bai, baina nagusiagoentzat ere ginkana bat antolatu zuen Peña Aiastuik. Bazkal orduan indarrak hartu eta gero, Lokatza taldeak antolatutako Eskolarteko txirrindularitza proba eta buruhandiak izan ziren protagonista, eta ilunkeran, ohiko arbola jasotzea egin zuten Ondarreko gaiteroek girotuta. Gauean, Tapia eta Leturiaren emanaldia egon zen azkenekoz sagar dantza egin aurretik eta ostean.
Gaur, domeka, txistulariekin batera hasi dute eguna, eta eguerdian, meza amaitu eta gero, dantzariek emanaldia egin dute. Jaiarekin bukatzeko, 19:00etan, De soul landers eta Iker Piris taldeen kontzertua egongo da.