Aniceto Molina musikariaren Cuidadito abestia entzun orduko, ezker-eskuin begiratu ohi dute askok herriko jaietan, batik bat, egubakoitzean, jakinekoa izaten baita gertu dabilela lagun talde batek daraman karroa; edo, beste modu batera esanda, bozgorailu bat, sorgailu bat eta eskuko telefono bat daramatzan supermerkatuko orga. Hala ere, litekeena da karroaren berririk ez izatea hiru aste barru ospatuko diren jaietan, ekainaren 21etik, Kirol Eguna ospatu zenetik, desagertuta dagoela jakinarazteko komunikatu bat zabaldu baitute sareetan jabeek.
Hemen duzue mezua, osorik:
Desagertuta.
Beste hainbatetan bezala, gure bihotzeko karroa juergan atera zen zapatuan, Antzuolan. Badakigu denok ateratzen den bakoitzean juerga galanta egin, eta pare bat egunean etxetik ez agertzea normala dela; betikoa da hori! Oraingoan, baina, seinalerik eman gabe dago domeka goizaldetik, eta herria, arduratuta.
Zer izango lirateke Antzuolako juergak bera gabe? Zaratatxoa den arren, eta lagun beste kontrario edukiko dituen arren, herriari ematen dion bizipoza ezin da dudan jarri. Pixka bat denona ere bada ja...
Edozer dakizuela ere eskertuko genuke gurekin harremanetan jartzea.
Herri bat, karro bat.
Karroa duen herri bat, ez da inoiz hilko.