Peru Rodriguez: "Talde honek urteak daramatza elkarrekin, eta igarri egin da"

Xabier Urtzelai 2025ko eka. 27a, 19:00

Peru Rodriguez, hunkituta, Sanserekin mailaz igo berri, domekan. Argazkia: Real Sociedad.

Domekan Realeko bigarren taldeak lorpen historikoa egin zuen, Nasticen kontrako kanporaketa gaindituta bigarren mailara igo zirelako. Talde txuri-urdineko atzeko lerroa zaintzen antzuolar bat egon zen, Peru Rodriguez kapitaina.

Eivissan lauzpabost eguneko atsedenaldiaz gozatu eta gero GOIENA paper hau Debagoieneko etxeetan banatu orduko Sanseko jokalariak etxerako bidean izango dira, tartean taldeko kapitain Peru Rodriguez (Antzuola, 2002). Liga denboraldia asko luzatu zaie txuri-urdinei, play-offetan beste lau partidu jokatu behar izan dituzte, baina sariak merezi izan du. Halaxe baloratzen zuen atzelari antzuolarrak domekan, partidua amaitu eta jarraian egindako adierazpenetan, Nasticen kontra lortutakoa. "Egia esan izugarria izan da, taldeak merezi zuen halako lorpen bat, talde osoak sekulako denboraldia egin duelako. Ez jokalariok bakarrik, taldeko parte izan garen guztiok merezi genuen hau, eta oso pozik nago guztiengatik".

JONE LARRAÑAGA, PERUN AMA: "PERUN ARREBA DA, NORA, BERE JARRAITZAILE AMORRATUENA" 

Ez zen gutxiagorako, Nasticen zelaian 1-3 aurreratu eta gero bazekitelako itzulikoa infartuzko partidua izan behar zela, eta kontrarioak estutu egin behar zuela. "Denboraldi osoan zehar erakutsi dugu talde honen benetako indarra hain zuzen hor dagoela, talde izaeran, eta egia da 90 minutu hauetan gauzak ez zaizkigula nahi moduan irten, baina elkarrekin jarraitu dugu, talde izan gara, eta horri esker egin dugu aurrera".

Perun senitartekoak igoera Perukin ospatzen, Antzuolako banderarekin. Argazkia: Real Sociedad.

Antzuolarren bultzada harmailetan

Halakoetan berdegunean dagoenak baino gehiago sufritzen du harmailetan dagoen horrek, eta domekan Rodriguezen senitartekoekin batera kuadrillakoak ere han ziren. "Gu 15 lagun ginen, eta beste jokalari batzuetako kuadrillakoekin batera joan ginen bazkaltzera. Handik Zubietara abiatu ginen taldea animatzeko asmoz. Eta bai, partidua zelan joan zen ikusita sufritu egin genuen asko, Sansekoen gola etorri zen arte bai, behintzat", dio Danel Kortabarriak.

DANEL KORTABARRIA, PERUN LAGUNA: "KUADRILLAKO 15 LAGUN ETORRI GINEN PARTIDURA, SUFRITU GENUEN BAI" 

Gibelaldek gola egin zuen arte (1-2) Rodriguezen senitartekoak ere larrituta egon ziren partidua ikusten. "Joanekoan Nasticen partiduan izan ginen, eta hangoa horren ondo joan zen...", dio Jone Larrañagak, Perun amak. Zubietan, berriz, 0-2koarekin dena izan zen larritasuna. "Amama ere gurekin zen –Mari Carmen Igarza–, eta gu moduan hura ere oso urduri egon zen". Baina bereziki etxekoen artean norbaitek partidua intentsitatez jarraitu bazuen hura Perun Arreba izan zen, Nora Rodriguez. "Peruk daukan jarraitzaile sutsuena da, asko daki futbolaz eta oso gertutik jarraitzen du anaia, askotan egiten dute futbolaz berba. Bada, estu eta larri egon ginen denok, baina hain justu hasierako larritasun horrek sekulako poztasuna ekarri zuen gero, kanporaketan halako emoziorik ez bazen egongo aste barruan ez ginateke oraindik horren hunkituta egongo".

Eta, Antzuola KEko bandera?

Partidu osteko ospakizunetan Antzuola Kirol Elkarteko banderak berebiziko protagonismoa hartu zuen, Rodriguezek eskuetan hartu eta halaxe egin zituzten talde argazki asko. Eta istorio horren atzean, erregionaleko delegatu Unax Iraolagoitia dago, kuadrillako laguna. Hain zuzen, bezperan, Antzuolako Kirol Eguna ospatzen ari zirela Iraolagoitiak aurreratu zituen intentzioak, domekan Zubietan Sanse animatzera joango zirela. Hala, AKEko zuzendaritzakoek ez zekiten inork bandera hartu zuenik, ospakizunak iritsi ziren arte. "Zuzendaritzako bat harmailetan zegoen eta segituan idatzi zigun besteoi esaten Antzuolako bandera ikusten ari zela, eta besteok telebistatik ikusten ari ginen hori", dio Ander Aranak, barre eginez. "Gero jakin genuen Unaxek eraman zuela. Tira, polita izan zen, gurea moduko klub txiki bat gutxitan izaten da protagonista eta domekan izan zuen protagonismo hori".

ANDER ARANA, AKE-KO ORDEZKARIA: "POLITA IZAN ZEN ANTZUOLA KE-KO BANDERA ATERA ZUTENEAN" 

Bada, bitxia da, Peru Rodriguezek inoiz ez duelako Antzuolako elastikoa defendatu. "Aste barruan hori ibili gara gu ere komentatzen, eta ezetz esango nuke. Garai hartan Antzuolan futbol eskola sortzeke geneukan eta hemengoak Bergarara joaten ziren, handik gutxira sortu zuten herrian futbol eskola", dio Aranak. Eta Peruren aitak, Andoni Rodriguezek, baieztatu dio GOIENAri hori. "Lehenengo fitxa Bergararekin izan zuen Peruk. Antzuolan guraso batzuen eta hainbat lagunen lanari esker entrenamendu batzuk eta partidutxo batzuk antolatzen ziren, eta esango nuke Andoni Azkargorta ere tartean zela, baina futbol eskola geroago sortu zuten, eta ordurako Peru Bergarako harrobian zegoen". Aranak dio, baina, Peruk gerturik jarraitzen duela AKE. "Haren kuadrillakoek erregionaleko taldean jokatzen dute, eta Sanseko beste taldekide batzuekin batera etorri izan da lagunen partiduak ikustera. Ez zidan harritu AKEko banderarekin ikusi izana".

Azkargortaren Eibar, kontrario

Datorren denboraldian Rodriguezek herrikide bat izango du kontrario, Eibarko lehenengo taldeko entrenatzaile laguntzailea den Andoni Azkargorta. Azkargortak ondo ezagutzen du Sanseko kapitaina. "Zorionez aspaldian Antzuolan hainbat jokalari daude oso maila politean jokatzen eta normala den moduan denekin daukat harremana, gurea herri txikia da. Kontua da memoria egiten ibili naizela eta ez daukat gogoan Peru Rodriguez txikitan nirekin ibili zen ala ez, ezezkoan nago". Etxeko klubetik 2011n eskatu zioten Azkargortari herriko gaztetxoenekin laguntzeko, eta Azkargortak baietz esan zuen. "Ni orduan laguntzera etortzen nintzen, ez nituen jokalarien zerrendak eta halakoak eramaten baina uste dut Peru ordurako Bergaran zegoela".

ANDONI AZKARGORTA, EIBARKO TEKNIKARIA: "PERURI INORK EZ DIO OPARIRIK EGIN, LANA EGINDA IRITSI DA HORRA" 

Sanseko kapitainaren gainean galdetuta, Azkargortak segituan hartu du martxa. "Lan kontuengatik tokatu izan zait Sanseko jokalariak ikuskatzea, guretako interesgarria den kategorian ibili dira jokatzen, izan ere, maila horretan oso jokalari interesgarriak daude, eta badugu euren partiduetako irudietara sarbidea. Eta gainera, Perukin eta haren etxekoekin badut harremana. Zerbait nabarmentzekotan esango nuke inork ez diola ezer oparitu, bere merituz pasa da Realeko kategoria guztietatik". Alonsorekin egin zuen debuta Rodriguezek lehendik ere ezagutzen du bigarren maila. "Xabi Alonsorekin egin zuen debuta –El Molinonen, 2021ean–, baina urte batzuetan ez zen garbi egon Realeko bigarren taldean egonkortuko zen ala ez. Eta zaratarik egin gabe urte oso ona egin du, eta aldagela barruan erreferenteetako bat dela erakusten duten zenbait detaile ikusi dizkiot. Tarazonan, esaterako, penaltia botatzea erabaki eta gola egin zuenean taldekideak ospatzera zelan joan zitzaizkion ikusi nuenean pentsatu nuen, "hara, hau liderra da aldagelan". Gainera, entrenatzaileok sarritan komentatzen dugu ez dela gauza bera momentu jakin baten bigarren mailan debuta egitea, edo talde horrekin urte oso ona egin duzulako kategoria horretara iristea, eta Sansek urte oso ona egin du. Ez da normala harrobiko talde bat horrela lehiatzen ikustea, niretako sorpresa izan da. Jokalari horiek urte asko egin dituzte elkarrekin jokatzen, eta igarri egin zaie".

"Maila polita eman dezakete"

Irailetik aurrera Azkargortaren Eibar eta Rodriguezen Sanse kontrario zuzen izango dira. "Albiste pozgarria da guretako. Hasteko, Peru aurrean izateak ilusio handia egingo didalako, baina horrekin batera gure kategorian gertuko taldeak izateak asko errazten du gure lana. Amorebieta, Mirandes, orain Sanse... eskertzen da ondoan ditugun taldeak direlako. Gero, egia da bigarren mailara saltoa egon badagoela, hau kategoria erabat profesionala delako, baina asko berdindu da dena, eta zera dut garbi, Gizonezkoen Federazioko lehen mailan egon diren lehenengo sei taldeak gora igotzen badituzu, gure kategoriara, talde gehienak lehiakorrak izango zirela. Eta Sanserengatik ez dut gutxiago espero".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak