Bihar, ekainaren 30ean, hasiko dira udaleku irekiak Antzuolan, eta hiru aste iraungo dute: uztailaren 17ra arte, herriko jaien hasierara arte. Nahia Garaikoetxea antzuolarra izango da aurtengo koordinatzailea, Zumaia Elkororen lekukoa hartu ondoren, eta "ia dena" prest dutela jakinarazi du: "Orain dela pare bat hilabete hasi ginen egitaraua zikloen arabera prestatzen eta formakuntzak jasotzen. Aste honetan, berriz, azkeneko programazio-bilera izan dugu, falta diren hariak lotzeko".
Udalekuak, "lehenengo eta behin, gozatzeko" leku direla azpimarratu du Garaikoetxeak, "batez ere, ondo pasatzeko" toki, baina baita hori baino gehiago ere: "Umeen artean harreman sendoak sortzeko aukera izan daitezke, balioak transmititzekoa, Antzuolako lekuak ezagutzekoa, askotariko eragileekin elkarlanean aritzekoa...". Eta, horretarako, hainbat esparrutan jarriko dute aurten arreta, batik bat, horietako hiru nabarmendu dituen arren: "Lanketak egingo ditugu, baina garrantzi berezia emango diogu naturarekin sortzen den harremanari. Euskararekiko harremana eta tratu onen sustapena ere aintzat hartuko ditugu, eta jolas librea, besteak beste".
Ekintzen artean, sorpresak
Egitarauan, aurreko urteetako udalekuekin alderatuta, aldaketa batzuk egongo dira, "baita sorpresaren bat edo beste ere", Garaikoetxeak erantsi duen arren ezin dutela aurreratu zeintzuk izango diren ezusteko horiek. Hala ere, beste ekintza batzuen inguruko pistak eman ditu: "Egun komunak, adibidez, guztiok elkarekin egitekoak, hiru izango dira: piratekin lotua bata, musikarekin bestea eta Antzuolako Eguna azkenekoa. Horrez gain, mendi bueltak ere egingo ditugu, eragileekin askotariko jarduerak, baita Altxorraren bila ere".
150 haur, hamasei hezitzaile eta koordinatzaile bat arituko dira ekintza horietan bihartik aurrera, eta "dena ondo joatea" espero du Garaikoetxeak: "Esperientzia berria da koordinatzaile aritzea, baina gogotsu heltzen diot erronkari. Ezjakintasunak urduritzen nau pixka bat, baina, begiraleon artean daukagun harreman ona ikusita, lasaitu egiten naiz. Gehienok denbora dezente daramagu udalekuetan lanean, eta ondo ezagutzen dugu funtzionamendua".