Bultzada antzuolarra, Sanse mailaz igotzeko

Xabier Urtzelai 2025ko eka. 23a, 15:37

Peru Rodriguez, argazkiaren erdian, Antzuolako kuadrillakoekin ospakizunetan, atzo.

Zapatuan Antzuolan egindako Kirol Egunean Sanseko futbol kapitain Peru Rodriguezen kuadrillakoek eman zuten abisua, "Domekan Zubietako harmailak lehertzera goaz". Atzo, Sanseren eta Nasticen arteko partiduan (1-2) esandakoa bete zuten, "Batzuk lanera etorri gara baina beste batzuei gaua luzatuko zitzaien, seguru".

Sanseko jokalariak merezitako oporraldian dira dagoeneko, eta atzo Sanserekin bigarren mailara igotzeaz batera (1-2) datozen egunetarako zituzten intentzioen berri eman zuten, alegia, Ibizan daude jada. Ondo merezitako saria, klub txuri-urdineko harrobiko taldeak pauso galanta eman duelako. Nasticen zelaian 1-3 irabazi zuten joanekoan, eta hor bideratu zuten neurri handian kanporaketa. Baina, itzuliko norgehiagoka geratzen zen, eta Nasticekoek iragarri zuten txuri-urdinek sufritu egingo zutela mailaz igotzeko. Halaxe izan zen, kanpotarrak 0-2 aurreratu ziren, baina Manex Gibelaldek penaltiz egin zuen golak lasaitasuna ekarri zuen harmailetara. "Ordura arte tentsioaz bizi izan genuen norgehiagoka, sufritzea tokatu zen, baina gola eta gero etorri ziren ospakizunak", adierazi du Peru Rodriguez kapitainaren lagun Danel Kortabarriak.

Peru Rodriguez antzuolarra, lagunek eramandako Antzuola KE-ko banderarekin, taldekideekin mailaz igo izana ospatzen. Argazkia: Real Sociedad.

Rodriguezen senitartekoekin batera Antzuolatik lagun asko joan ziren Sanseren partidua ikustera, tartean kapitainaren kuadrillakoak. "Gu 15 lagun ginen, eta beste jokalari batzuetako kuadrillakoekin batera joan ginen bazkaltzera, Lasartera. Handik Zubietara abiatu ginen taldea animatzeko asmoz". Hala, partidu osteko ospakizunetan Rodriguez Antzuola KEko banderakin azaldu zen. "Gure taldeko material arduradun Unaxek hartu zuen bandera lokaletik, eta Zubietara eraman zuen", adierazi du barre eginez Kortabarriak. Gau ederra, tarte batean realzaleek ahaztuko ez dutena.  

Peru Rodriguez, bi urte hauetan taldean egonkortu den kapitaina

Peru Rodriguezek (Antzuola, 2002) Sanseko atzeko lerroan jokatzen du, eta taldeko kapitainetako bat da. Infantil mailan, 2025ean iritsi zen Realeko harrobira, eta azken bi urteotan Realeko bigarren taldetan egonkortu den jokalaria da. 2021eko azaroan egin zuen Real Sociedad B taldearekin debuta –orduan ere bigarren mailan–, Xabi Alonsoren aginduetara, eta orduan Sansek 0-1 irabazi zuen El Molinonen, Sporting de Gijon taldearen kontra. Azken bi urteotan, berriz, antzuolarra Sanseko atzeko lerroko jokalari fijoetako bat izan da; aurten, esaterako, guztira 29 partidu jokatu ditu titular modura. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak