Antzuolan kirol taldeek elkarrekin ospatu dute denboraldi amaiera

Txomin Madina Milikua 2025ko eka. 21a, 18:16

Kirol denboraldiari agur esateko ordua iritsi da, eta Antzuolako kirol taldeetako ordezkariak mahaiaren bueltan batu dira gaur, eskolako patioan, merezitako jaia egiteko. Atzo, egubakoitza, gimnastek eta pilotariek erakustaldia egin zuten frontoian, baina gaur jai giroan egoteko eguna izan da. Eta, errekonozimendu batzuk ere banatu dituzte.

Kirol Eguna ospatu dute gaur Antzuolan, eta kuadrilla galanta batu da eskolako patioan. Eta hori izan da nobedadea, orain arte futbol sailekoen jaia izan den horri ateak zabaldu dizkietela, eta beste kirol elkarte batzuetakoak ere batu zaizkiela. Olalde Pilota Elkartea eta Ariznoa Erritmika Elkartea aritu dira, batik bat, Kirol Eguna antolatzen, AKErekin batera, eta elkarrekin ez gaurko eguna bakarrik, aste barruan ere hainbat kirol hitzordu antolatu dituzte –argazkietan gaurko bazkariaz batera baita atzoko gimnasia erritmikoko erakustaldiko irudiak eta baita pilotakoak ere–. Hala, gaurkoak eman duenarekin pozik azaldu dira denak, eta badirudi ospakizun honek formatu berriari helduko diola aurerrantzean ere.

Larrea anaiendako errekonozimendua

Bazkalostean sari banaketa izan da, eta lehenik eta behin Aitor Aierbe eta Urtzi Murgia igo dira taula gainera, eta egindako lana aitortu die Pedro Iturbek. Ondoren gazte mailako futbol taldeko ordezkariak ere igo dira, ligan urte ona egin duten seinale, eta azkenik, Antzuolako alkate Olatz Lezetak kirolari nabarmenen sariak banatu ditu. Larrea anaiendako izan da saria, baina ezin izan dute herrian egon, kirol konpromisoak zituztelako, eta haien lehengusuek jaso dituzte oroigarriak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak