Txistua ikastea doakoa izango da aurrerantzean, erabaki hori hartu baitu Udalak, Olatz Lezeta alkateak adierazi duenez: "Antzuolan oso errotuta dagoen instrumentu bat izan da, eta bertakoa da, gainera. Baina behera egin du ikasleen kopuruak, eta horri buelta bat emateko beharra ikusi genuen". Gainera, erantsi du txistuak lotura estua duela euskal dantzekin eta Oinarin dantza taldearekin, eta "oso garrantzitsuak" direla herrian: "Urtean zehar Udalak egiten dituen ekintza askotan hartzen dute parte; inbertsioa, horrenbestez, ona da".
Bergarako Musika Eskola izango da txistu-eskolen arduraduna, eta han eman beharko dute izena interesa dutenek; horren kostua, ordea, Udalak hartuko du bere gain, txistua "indarberritzeko" asmoz.
Txistularien iritzia
Herriko txistulariek ere txistuari "bultzadatxo bat" emateko beharra dagoela uste dute, Nora Legorburuk, Alboradak Txistulari Taldeko kideak, azaldu duenez, eta Udalaren erabaki ideia "oso ona" iruditzen zaie: "Ikusi egin beharko da eraginik duen edo ez, baina poztuko ginateke jendea animatuko balitz, aukera paregabea baita". Nabarmendu du bigarren instrumentutzat ere ikas daitekeela.
Gaur egun, errelebo "pixka bat" dagoela aitortu du Legorburuk, baina gehiagoren beharra dagoela. "Herriko hainbat ekintzatan presente dagoen instrumentua da txistua, baita dantza taldeari laguntzen ere: txistularirik gabe dantzak ere galdu egingo lirateke. Horrenestez, herriko ondaretzat har daiteke, eta uste dugu garrantzitsua dela mantendu ahal izatea". Txistuaz gain, gainera, atabal-jotzaileen beharra ere badagoela azpimarratu du, eta datorren ikasturtean "tailer praktiko eta erraz bat" egiteko asmoa dutela.
Txarangako instrumentuak, herrian
Txistuaz gain, badira beste instrumentu batzuk ere Antzuolan, eta horietako askoren batura da herriko zigilua daraman Beti Gorri txaranga. Iazko apirilean egin zuen estreinaldia jendaurrean, kalejira batekin, eta harrera beroa jaso zuen; hala ere, proiektua gehiago "indartzeko" nahia dutela aitortu du Lezetak. Hori dela eta, jakinarazi du datorren ikasturtetik aurrera txarangan jo ohi diren instrumentuak Antzuolan ikasteko aukera egongo dela – besteak beste, tronpetak, saxofoiak eta haizezko beste instrumentu batzuk–, Bergarako Musika Eskolaren eskutik.
Orain arte, Lezetak azaldu duenez, instrumentu bat Antzuolan ikasi ahal izateko lau ikaslek egon behar zuten gutxienez ikasketa horietan izena emanda, Bergarako Musika Eskolatik Antzuolara etor zitezen irakasleak eskolak ematera –Olaran kultur etxean izaten dira, astean zehar–, baina ez da muga hori egongo txarangako instrumentuen kasuan. Hala, ikasle bakoitzak ikasturteko bere matrikula ordaindu beharko duen arren, eskolak Antzuolan jasotzearen gain-kostua Udalak hartuko du bere gain.