"AKE Eguna ordezkatzen duen egun bat baino gehiago, Kirol Eguna azken urteetan horrenbeste jende elkartu duen ospakizunaren jarraipena dela esango nuke", adierazi du Ander Aranak, AKEko kideak. Haren hitzetan, joan den denboraldiaren amaieran iritsi zitzaien AKE Eguna kirol elkarte gehiagori zabaltzeko proposamena, eta herriarentzat "positibotzat" jo zuten: "Beste kirol taldeei eta Udalari luzatu genien asmoa, eta horrela abiatu zen Kirol Egunaren ideia. Futbolak herrian kirolari asko batzen ditu, baina beste kirol talde batzuekin ere partekatzen ditugu kirolari horiek, eta badira euren kasa dabiltzanak ere. Haiei guztiei lekua ematea eta parte hartzeko aukera emateak gure herriaren nortasun parte-hartzailea erakusten du".
Ekainaren 21ean izango da Kirol Eguna, baina ekintza gehiago izango dira datorren astean zehar. "Hainbat kirol talde inplikatzeak indarra emango dio Kirol Egunari, eta horri esker lortu dugu, hain zuzen ere, aste osoko egitarau bat osatzea: askotariko kirolak ezagutu eta praktikatzeko aukera izango da, herrian dagoen kirol aniztasunari garrantzia ematekoa...", erantsi du Aranak.
Ikuspegi "positiboak"
Olalde Pilota Elkartea eta Ariznoa Erritmika Elkartea aritu dira, batik bat, Kirol Eguna antolatzen, AKErekin batera, eta horren garrantziaz jardun du Andoitz Aranburuk, Olaldeko kideak. "Elkartekideon artean komentatu izan dugu AKE Eguna, agian, futbolari oso lotuta zegoela, eta polita izango zela kirol guztiak aintzat hartuko zituen egun bat ospatzea". Haren ustez, batetik, hori posible egiteko AKEk izan duen jarrera "eskertzekoa" da, eta bestetik: "Kirol guztietara zabalduta, beste kutsu bat izango du egunak".
Udalak ere "oso egokitzat" jo du hasieratik proposamena, eta antolakuntzan parte hartzeko erabakia hartu du, "lan handia egiten duen kirol elkarte asko" daudelako herrian, Olatz Lezetaren, Antzuolako alkatearen, hitzetan: "Halako egitasmo batekin kirol elkarteek elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko espazio bat sortzen dute. Herriaren dinamikan denek egiten dute ekarpena, eta guztiak dira garrantzitsuak".
Mantentzea asmo
Kirol elkarteek helburu dute hurrengo urteetan gehiagorengana heltzea, geroz eta zabalagoa izan dadin Kirol Eguna. "Faltan igarri dugu batzuen parte-hartzea, eta hurrengo urteetarako asmoa herriko ahalik eta talde gehien inplikatzea izango da", azaldu du Aranak, eta Lezetak erantsi du Arrola Mendi Elkarteak eta Irain Motor Klubak, adibidez, badutela interesa parte hartzeko: "Ekimen hori sendotzea da gure asmoa; gero eta parte-hartze zabalagoarekin, herriko kirolaren benetako isla bihurtzea gustatuko litzaiguke".
Aste osoko egitaraua antolatu dute
Kirol Eguna izango da ospakizunik handiena, ekainaren 21ean, baina kirol elkarteek bestelako ekintzak ere egingo dituzte astean zehar.
Ekainak 17, martitzena, 18:30ean: Nutrizioa kirolean hitzaldia, Irati Gardokiren eta Amaia Dominguezen eskutik, Olaranen.
Ekainak 18, eguaztena, 17:00etan: zesta punta ikastaroa, umeei zuzenduta, udal pilotalekuan, 19:00ak arte.
Ekainak 20, egubakoitza, 17:30ean: gimnasia erritmikoko erakustaldia, Ariznoako gimnasten eskutik, udal pilotalekuan.
Ekainak 20, egubakoitza, 19:00etan: pilota txapelketako finalak, Olalde elkarteko benjamin eta alebin mailetan, udal pilotalekuan.
Ekainak 21, zapatua, Kirol Eguna:
11:00. Koltxonetak eta kirol-jolasak, Zurrategin.
12:00. Ginkana, Ondarren.
14:30. Bazkaria, eskolako patioan. Entradium plataforma daude salgai txartelak. Ondoren, sari banaketa eta baloi tiro lehiaketa.
18:30. DJon musika jartzailea, Zurrategin.
-----
Oharra: Kirol Eguneko sari-banaketan herriko hainbat kirolari sarituko dira, eta herritarrek aurrez euren botoa emateko aukera dute. Udalean edo liburutegian bete daitezke eskuorriak, edo, bestela, online: labur.eus/kirolarionena. Ekainaren 16a da botoa emateko azkeneko eguna.