Herriari ez ezik, gaztetxeen mugimenduari ere ekarpena egin nahian, egun osoko ospakizuna antolatu dute Antzuolako gaztetxeko kideek biharko, ekainaren 14rako, eta "oso gogotsu" daude: "Batez ere, egingo dugun eskaintzarengatik, beharrezkotzat jotzen baitugu beste musika eta gorputz batzuk egotea taula gainean, beste pentsaera mota batzuez hausnartzea", eta, hala, horretarako saiakera egin dute, herri bazkariaz gain –15:00etan hasiko da, frontoi txikian– hainbat kontzertu izango baitira gauean zehar.
Naxker (Atarrabia, Nafarroa), Zeker (Elorrio, Bizkaia) eta Sotoalde (Bergara) taldeak izango dira, hain zuzen ere, oholtza gainera igoko diren hiru taldeak, 22:00etan hasita; ondoren, berriz, DJ Artze arituko da musika jartzen. 10 euroko prezioa izango du sarrerak, eta jendea animatzea espero dute gaztetxekoek, "denon artean eguna borobiltzeko". Ez dira, ordea, eguneko ikuskizun bakarrak izango, Antzuolako Harrikada musika taldearen –Markel Zabalok, Ekhi Larrañagak, Miren Sanchezek eta Inar Cabok osatzen dute– kontzertu akustikoa izango baita bazkalondoren.
Asanbladaren egoera
Egun gaztetxeko asanblada osasuntsu al dagoen galdetuta, "dudak" dituztela erantzun dute gaztetxeko kideek, honako arrazoi honengatik: "Herri honetan ez dago militantziarako kultura handirik, eta herriko jendeari asko kostatzen zaio gaztetxera gerturatzea. Ez dugu sumatzen jendearen interesik, baina hala zen gaztetxea martxan jarri aurretik ere: esate baterako, txosnetan. Horrelako ekintza autogestionatuek ez badute diru etekinik trukean edo ez baldin badago baloirik tarteko ez dute bat egiten". Hala ere, erantsi dute "ez dagoela esperantza gabe bizitzerik", eta honako hau nabarmendu dute: "Harro gaude gaztetxea aurrera eramate hutsarekin".
Egoera hori izanik, horrenbestez, gazteak asanbladara erakarri baino gehiago, gaztetxeko kideek helburu dute herriari "bestelako eskaintza bat eskaintzea, gazteen militantziatik antolatua dagoena, eta dena edo ia gehiena Antzuolako emakumez osatuta dagoena, herri honetan eurek egiten baitituzte ia ekintza guztiak gizonek barra ostean gozatzen duten bitartean". Dena den, aipatu dute "zehaztasun finkorik" ez izan arren, hiru astean behin egin ohi dituztela asanbladak, gutxi gorabehera. Bada, hor jakinarazpena.