Herriko mugikortasunaren inguruko azterketa bat egiten dabil Udala, herritarrekin batera diagnostiko bat osatu eta hurrengo urratsak zehazteko asmoz, eta horren jatorriaren berri eman du Aritz Igeltzek, Hirigintza zinegotziak: "Mugikortasuna da eskualdean kontsumitzen den energiaren %33ren erantzule –D2030ek emandako datua da (Ikus 2. orrialdea); eta, aldi berean, baita gure bizi-kalitatean eragina duen faktorea ere. Hori guztia kontuan hartuta, azterketa bat egiten hasi ginen Debagoien mailan, baina ohartu ginen mugikortasuna hobetzeko herri bakoitzak sortzen duen mugikortasuna lantzea izango litzatekeela eraginkorrena, kontuan hartuta eskualdeko herri handi-txikiek errealitate ezberdinak bizi ditugula".
Urte hasieran egin zituzten horretarako lehen urratsak, parte hartzeko gonbidapena eginda herriko hainbat sektoreri, hala nola eragileei, komertzioei, ostalariei, enpresei eta norbanakoei. "Batzar bat egin genuen bakoitzarekin, eta sektore bakoitzak duen errealitatea ezagutzea zen asmoa". Behin hori eginda, "sektore bakoitzak duen errealitatea" biltzen duen diagnostiko bat ondu dute, "sortu eta eragiten duten mugikortasun-emaitzak" jasotzen dituena.
Irtenbideen bilaketa
Prozesuan parte hartu duten herritarrekin diagnostikoko emaitzak partekatzea izango da hurrengo urratsa. Horretarako, aurkezpen bat egingo dute martitzenean, ekainaren 10ean, 18:00etan, Olaran kultur etxean, helburu zehatz batekin: "Irtenbide potentzialak bilatzea, kontsumo energetikoari dagokionez, herrian eta Debagoien mailan karbono dioxido gutxiago kontsumitu dezagun".
Igeltzen ustetan, Antzuolari "onurak" ekarriko dizkio prozesuaren emaitzak: "Bizi-kalitatea hobetuko du mugikortasuna gutxitzeak eta herritarren ohiturak aldatzeak".