Saguzarren deiak gau batez entzuteko aukera

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 10a, 09:25

Pipistrelo arrunta. Irudia: Naturtzaindia.

Meaka-Irimo herri plataformak antolatuta, Udalarekin elkarlanean, Saguzarren Gaua egingo dute ekainaren 13an, Naturtzaindiaren eskutik. 21:30ean elkartuko dira parte-hartzaileak; azalpenak jaso ondoren, bizpahiru kilometroko irteera egingo dute.

Saguzarren soinuak, deiak, entzungaitzak dira gizakiendako, Ion Fontenla Sukiak, Naturtzaindia elkarteko kideak, adierazi duenez. Hala ere, haren hitzetan, badaude ultrasoinuak detektatzeko aparatu batzuk, saguzarren deiak jaso eta gizakientzako entzungarri bihurtzen dituztenak; are gehiago, gai dira jasotako dei bakoitza zein saguzar espezierena den detektatzeko ere. "Nahiko kuriosoa izan ohi da jendearendako, erakargarria", erantsi du Fontenlak.

Bada, bailarako beste herri batzuetan aurrez egin den eran, horretaz gozatzeko aukera izango da egubakoitzean, ekainaren 13an, Antzuolan ere, Saguzarren Gaua egingo baitute Trekutz inguruan, Meaka-Irimo herri plataformak antolatuta, Udalaren laguntzarekin. Eguraldia lagun izanez gero –txarra eginez gero, Fontenlak aurreratu du kalean egingo dela, ziur aski–, 21:30ean hasiko da, afari-meriendarekin, eta Naturtzaindiako kideak izango dira gidariak: lehendabizi, saguzarren inguruko azalpenak emango dituzte, Gaztelu Gain elkartean; eta ondoren, bizpahiru kilometroko ibilbide bat egingo dute, saguzarrak behatzeko. Ez da izenik eman behar aurrez, baina parte hartzeko asmoa dutenei arropa eta oinetako erosoak eramateko aholkatu diete antolatzaileek, mendian ibiltzeko; baita kopetako argiak ere.

Espezie ohikoenak

Pipistrelo txikia edo saguzar arrunta da Euskal Herriko –eta, era berean, baita Gipuzkoako eta Debagoieneko ere– espezie ohikoena, Fontenlaren hitzetan: lauzpabost gramo pisatzen du, eta hona iristen diren hamar saguzarretatik zortzi espezie horretakoak dira, gutxi gorabehera. "Badaude sartzen diren beste pipistrelo mota batzuk ere, detekta daitezkeenak; hala ere, Antzuolako kasuan, kuriositate handiagoa dugu, irteera ez baita besteen erakoa izango. Ea zer aurkitzen dugun". Izan ere, normalean, kalean egin ohi dituzte saguzarren gauak, baina, orain, mendira joango direnez, beste espezie batzuekin topo egitea espero dute: "Esaterako, polita izango litzateke Barbastella barbastellus espezieko saguzarrak sartzea: beltz-beltzak dira –besteak, marroiak–, baso aberatsetan azaltzen dira, eta galtzeko arriskuan dago".

Naturtzaindia Elkarteak argitaratu duen Gipuzkoako kiropteroen Atlasa argitalpenean daude jasota Fontenlak aipaturiko saguzarrak eta beste hainbeste, lurraldean aurkitu dituzten 25 saguzar-espezieren berri eman baitute. Bergaran aurkeztu zuten, maiatzean, eta, haien hitzetan, hamarkada bat baino gehiagoko lanaren ondorio izan da liburua: ohiko atlas formatua erabili dute azalpenetarako, espezie bakoitza mapa zehatz batean kokatuta, non aurkitu daitekeen jakiteko. "Lan hau oreka ekologikorako ezinbestekoa den ugaztun talde ezezagun honen dibulgazio nahiz kontserbaziorako mugarri bat da".

Ikasleekin gaia aurrez landuta


Ion Fontenla Sukia, Antzuola Herri Eskolako ikasleekin. Irudia: Antzuola Herri Eskola.

Irteeraren egunean saguzarren inguruko azalpenak emango dituzte Naturtzaindia elkarteko kideek, baina jakintza bereganatuta izango dute ordurako parte-hartzaileetako batzuek, Antzuola Herri Eskolan izan baitziren joan den astean. Bost saio egin zituzten guztira, ia adin guztietako ikasleekin elkartu ziren, eta, hala, asmoa da gaztetxoak bidaide izatea gurasoei eman beharreko azalpenetan: "Euren laguntza izango dugu gurasoei saguzarrei buruzkoak azaltzerako orduan". 

Fontenlak, gainera, azpimarratu du ikasleekin eginiko lanketa "oso ondo" atera dela: "Nabari da natura asko lantzen dutela eskolan, eta jakintza apartak dituztela. Kuriositatea ere sekulakoa dute, galderak egin eta egin aritu baitziren, isildu gabe. Gai oso interesgarriak atera ziren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak