Trenbideko hormetako bat konpontzeko lanak hasi dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 4a, 15:50

Trenbideko lanak, Laskurainandi baserriaren alboan. Irudia: Goiena.

Hiru hilabete iraungo dute lanek, aurreikuspenen arabera; bitartean, itxita egongo da Laskurainandi eta Bizkalatza baserrien arteko tartea. 

Trenbideko hormetako bat egonkortzeko lanei ekin die aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Seanto SL enpresaren bitartez, hainbat pitzadura baititu Zumetazpikoa baserriaren azpiko tunelaren eta Laskurainandi baserriaren artean dagoen hormetako bat. Emandako datuen arabera, hormak, zehazki, 70,5 metroko luzera du, eta 25 metro inguru daude pitzadurarekin eraginda; are gehiago, horma bide berderantz mugitzen ere hasia da. 

204.739,56 euroko aurrekontua dute zehaztutako lanek, BEZa barne, eta Foru Aldundia da arduraduna. Haren hitzetan, egin beharrekoak hiru hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute, eta, horrenbestez, "asko jota eta sorpresarik ez bada", abuztu amaierarako amaituta izatea.

Bide alternatiborik ez

Lanek iraun artean itxita egongo da trenbideko tarte hori, eta Diputazioak azaldu du ez dutela beste alternatibarik zehaztu: "Trenbidea oraindik Gipuzkoako Bizikletabideen Katalogoan ofizialki txertatu gabe dago. Hori horrela, obrak dirauen bitartean ez da bide alternatiborik eskaintzeko beharrik ikusten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak