Kirol Eguna ospatuko da ekainaren 21ean, eta herriko kirolari onenei sariak banatuko dizkiete bazkal ondoren. Horretarako, ordea, herritarren laguntza behar dute kirol elkarteek, antzuolarrena izango baita kirolari horiek hautatzeko ardura.
Herritarrek galdetegi bat bete beharko dute hilaren 16a baino lehenago, euren ustez Antzuolako kirolari onena nor den adierazita izen-abizenekin, eta pertsona hori saritzearen zergatia azalduta. Kirolari hori saritzeko gogoan hartu beharko lituzketen balioak zeintzuk diren ere jakinarazi behar da, aukera hauen artean: konpromisoa eta dedikazioa, lorpenak (txapelketak, markak...), herriko ordezkari izatea, talde lana sustatzea, kiroltasuna eta jarrera, eta beste batzuk. Udalean eta liburutegian daude eskuragarri eskuorriak, baina online bidez ere bete daiteke.
Bazkariko txartelak
Egun osoko egitaraua izango da Kirol Egunean, eta herri bazkarirako txartelak salgai daudela jakinarazi du Udalak, egunaren antolakuntzan baitabil laguntzaile: ohikoak, 25 euroko prezioa du; eta ikasle, langabe eta haurrenak –12 urtera arte–, 15 eurokoa. Entradium plataforman eskura daitezke.