Beste mendi bat izan zitekeen, hainbat aukera baitzebilzkien esku artean Ibon Garitano, Iñigo Alonso, Iker Manso, Juanma Lasa eta Mikel Lopez antzuolarrek; hala ere, Chimborazoren aldeko hautua egin zuten. "Kosta zitzaigun erabakia hartzea: batetik, inor aurrez egona ez zegoen mendi bat nahi genuen, eta bestetik, alturatik harago, ez dena oso nekeza. Chimborazok bazuen morbo puntu bat: 6.000 metro pasa ditu –zehazki, 6.269–, eta, gainera, munduko mendirik altuena da, edo eguzkitik gertuen dagoena; hau da, Lurreko erdigunea aintzat hartuz gero, altuena da, baina itsas mailatik, Everest altuagoa da".
Hondarribitik abiatu ziren apirilaren 11n, Ekuadorrera, Madrilen eskala eginda, eta 27rarte egon ziren han. Horretarako, dirua ipintzen ibili ziren hilero, eta, kalkulu batzuk egin ondoren, Iruñeko agentzia batekin jarri ziren harremanetan, trekkingak antolatzeko; hala, hara iristerako, dena zuten antolatuta, eta gidak ere han zituzten zain. Aireportuetan, ordea, ez zuten horrelako gidarik, eta anekdota bat ekarri dute gogora, barre artean: "Etxeko lanak egin genituen: Youtuben ikasi genuen nola joan behar ginen T4 terminaletik T4S terminalera! Tontakeria bat da, baina ordu eta laurden genuen bi hegaldien artean, eta elkarri esaten genbiltzan: ezin gara trago bat hartzen gelditu, zuzen joan behar gara hegaldira!".
Chimborazo, azken helmuga
Boskotearen azken helmuga zen Chimborazo –espoilerra: ezin izan zuten igo–, baina aurrez beste lau mendi igotzeko asmoa zuten, aklimatatzeko: "Pasochoa igo genuen lehendabizi, 4.199 metrokoa, eta, hurrengo bi egunetan, Illinizas (5.126 metro) eta Quilotoa (3.920 metro). Azkeneko hori, gainera, berezia da, sumendi bat baita, eta, igo ordez, jaitsi egin behar da kraterrera arte, gaur egun laku bat baitago: laurehun metro daude behera, eta sekulakoa da desnibela". Azkenik, Cotopaxiko gailurra zapaltzeko aukera izan zuten.
5.897 metro ditu Cotopaxik, eta bi egunetan egin zuten igoera: "Lehenengo, mendi-aterpetxerainoko igoera egin genuen, eta, 18:00etan afaldu eta lo pixka bat egin ondoren, 23:00etan esnatu ginen, 00:00etan abiatzeko. Gaupasa sentsazioa genuen". Hala ere, ez zituzten nahi bezalako baldintza meteorologikoak: "Elurra ziharduen, eta elurtuta zegoen guztia. Haize-boladak ere izugarriak ziren, zakarrak, baina gidek igotzea erabaki zuten, zalantzak izan arren. Elur-jauzi bat izan zen han martxoan, eta hamahiru pertsona harrapatu zituen; ez zen ezer larririk gertatu, baina beldurrez da jendea".
Haien ustetan, gidariek bazekiten Chimborazora igotzea ezinezkoa izango zela, elur asko zegoelako eta elur-jauziak gerta zitezkeelako, eta horregatik erabaki zuten Cotopaxira igotzen saiatzea, ahal bezala. Azkenean, elurra egiteari utzi zion, baina haizea ez zen gelditu: "Zero azpitik 35 graduko sentsazioa zegoen, eta izoztuta genuen arropa. Bizpahiru metrora gindoazen elkarrengandik, baina pausoak desagertu egiten ziren, eta, horrenbestez, zailagoa zen igoera. Elurren kapen azterketa bat ere egin zuten bidean zehar, eta, azkenean, zetak egin ordez, zuzen igo genuen mendia, eta irteera gogorrago bihurtu zen". Gailurrera iristea erdietsi zuten, ordea, laino itxiaz eta elurraz gain beste ezer ikusteko aukerarik ez izan arren: "11:00 alderako hotelean geunden berriro, gaupasa eginda".
Azkenean, Cayambe
Nahi izan arren, egin ezin izan zuten gailurretako bat da Chimborazo. Hala ere, ez dute arantzarik sartuta, Cayambe (5.790 metro) igotzeko aukera izan baitzuten: "Arriskua handia da Chimborazon, eta, horrenbestez, Cayambe igo genuen. Igoera polita izan zen; teknikoa samarra izan arren, adrenalina izan genuen, eta jaisterakoen sekulako satisfazioa sentitu genuen".
Haien hitzetan, horrenbestez, Chimborazo tontorrera iritsi ez arren, "zortea" izan dute bidaian: "Gainera, helburu nagusienetako bat elkarrekin egotea eta gozatzea da, eta hori lortu dugu, bidaiaren ondoren ere lagunak izaten jarraitzen baitugu".
Lehen bidaia luzea, Kazbek-era

Erronkapiri du izena boskotearen Whatsapp taldeak, eta kide da Ion Legorburu antzuolarra ere. 3.000 metroko mendi bat igotzeko helburuarekin sortu zuten taldea, Alonsok inoiz igo gabe zuelako bat, eta, azkenean, Marborera joan ziren, Pirinioetara. Hala ere, bidaia luzeagoak egitea otu zitzaien, eta Ekuadorkoa, horrenbestez, ez da lehena izan, Georgian izan baitziren duela hiru urte, uztailean: Kazbek (5.054 metro) igo zuten, Europako bigarren mendirik altuena.