Matrikula-irakurgailuak, egubakoitzetik aurrera martxan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 28a, 09:16

Buztinzuri kalean jarritako kamera. Irudia: Goiena.

Herrigunean ezarri dituzte, eta ibilgailuetako gidariek ordenantzan ezarritako ordutegia bete beharko dute, horren jarraipena egingo baitute gailuek.

Matrikula irakurgailuak egubakoitzetik, maiatzaren 30etik, aurrera egongo dira martxan, Udalak jakinarazi duenez. Haren hitzetan, "denbora" daramate herriko mugikortasuna aztertzen, eta bide horretan hartutako erabakietako bat da kamerena: "Matrikula irakurgailuen funtzioa ordenantzan ezarritako ordutegiaren jarraipena egitea da, erdiko kalean ibilgailuen mugimendua ahalik eta gutxiena izateko eta kalitatezko mugikortasuna bermatzeko".

Udalaren hitzetan, ordenantzaren arabera, ibilgailuak ezin dira herrigunetik igaro astelehenetik eguaztenera 20:00etatik 07:00etara, eta eguen eta egubakoitzetan, berriz, 19:00etatik 07:00etara bitartean; zapatuko eguerdiko ordu bietatik asteleheneko goizeko zazpiak arte ere ezingo da herrigunetik pasa. Baimendutakoek, ordea, bai, izango dute horretarako aukera, honako baldintza hauek betez gero: zama hartu eta lagatzeko, gehienez ere 45 minutuz; garajeetara sartu-irtenak egiteko, eta larrialdi kasuetan.

Instalazioa, urtarrilean

Urtarrilean instalatu zituzten gailuak, baina "arazo tekniko batzuk" izan dituzte martxan jartzeko: "Udalaren konexioak aztertu ondoren, baieztatu genuen udaleko ordenagailuak ezin zirela matrikula irakurgailuetara sartu". Hala ere, azkenean, arazoa konpondu dute Izarkom telekomunikazio kooperatibarekin batera, eta matrikula irakurgailuak bidalitako informazioa udaleko ordenagailura bideratuko da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak