Gizonezkoen gorengo mailan izango da datorren denboraldian AKEko gazteen taldea, garaipena lortu ondoren denboraldiko azken partiduan, Eztalan. "Teorikoki, partidua erraza zen, baina bazegoen galtzeko beldur puntu bat, urduritasunengatik-eta; hala ere, nahiko azkar sartu genituen lehen hiru golak, eta lasaiago aritu ginen hortik aurrera", adierazi du Juan Luis Etxanizek, gazteen taldeko entrenatzaileak, Mikel Larrañagarekin batera.
Jokalariak "pozik" daude lorpenarekin, eta Etxanizek erantsi du Antzuolak "inoiz ez duela lortu horrelakorik", ez behintzat gazteen eta kadeteen mailetan. "Denboraldia ere, gainera, oso ondo joan da, giro ona baitago taldean".
Datorrena, "erronka inportantea"
Datorren denboraldiari begira, "erronka inportantea" dela dio Etxanizek: "Antzuola herri txiki bat da, eta gorengo mailan jokatzea ez da erraza izango, baina saiatuko gara". Haren hitzetan, aurten ere eginiko saiakerarengatik lortu dute mailaz igotzea, hasieran horrelakorik espero ez zuten arren: "Ez zen gure helburua, guretako bigarren fasean sartzea ja asko zen; ia ehun talde daude jolasean, eta hirugarren gelditzea ez genuen pentsatu ere egiten. Baina saiatu gara, eta lortu dugu".
Taldeak aldaketak izango ditu datorren denboraldian, zortzi jokalarik nagusiagoen taldera egingo baitute jauzi. "Hala ere, daukagunarekin ondo egingo dugu aurrera, seguru".