Lizarraga auzoko errotak historian zehar ibilbidea egingo dute, lehendabizikoz, domekan, IV. Gipuzkoako Erroten Egunaren baitan. 09:30ean elkartuko dira, plazan. Papereko edizioan bisita bihar dela jartzen du, baina datua ez da zuzena, etzi izango baita. Jose Mari Iturbe antzuolarra izango da gidaria, eta, azaldu duenez, herritar guztiei zuzendutako irteera izango da: "Ibilaldi laburra izango da. Plazatik irtengo gara, eta Lizarraga errekan zeuden lau erroten ibilaldia egingo dugu. Lehenengoa Txanbolin errota zen, baina desagertuta dago. Gero, Larrebarren, Indarretxeko errota bezala funtzionatu izan duena, baina geldirik dago. Ondoren, Laskurain errota. Hori ere geldirik dago, baina berezia da, bi saltoko errota delako. Azkenik, Akiñabei errotara joango gara".
Adin guztiei zuzendutako irteera izango da, 1,5 kilometro ingurukoa, eta ordubete iraungo du, gehienez ere: "Aldapa pixka bat badauka, baina bidea da dena". Izenik ez da eman behar.
Bisita gidatuak Akiñabein
Akiñabei errota harena da, eta Gipuzkoako Erroten Egunaren harira dio ondarea zaintzeko eguna dela: "Helburua ondarea mantentzea da. Errotak ikusteaz gain, nekazaritzako lehengo tresnak ikusteko aukera egongo da". Izan ere, goizean zehar, 10:00etatik 14:00etara, Akiñabei errota bisitatu ahal izango da, dohainik.
Dioenez, oso errota gutxi daude Gipuzkoan martxan, eta horietako bat da Akiñabeikoa. Horregatik, bisitariek irina ateratzen ikusi ahal izango dute. Bisitetan ere ez dago izenik eman beharrik: "Jendea etorri ahala, taldeak egingo ditugu eta sartzen joango gara".
Aurreko urteetan ere hartu du parte Akiñabei errotak Gipuzkoako Erroten Egunean, eta, Iturberen esanetan, jendea "oso gustura" egoten da. Edizio ba- koitzean bisitez gain, bestelako ekintzaren bat ere antolatzen dute. "Urtero, 30-40 lagun etortzen dira. Etortzen den jendea gustura geratzen da. Errota berezia da, ez baitauka urik, baina martxan jartzeko aukera ematen du", dio.
Errotaren mantenua
Akiñabei errotaren mantentzearen ardura ere badu Iturbek, eta "brikolajearekin" alderatu daitekeen gauza bat dela dio: "Mantentze-lanak norberaren kasa izaten dira. Nik errota hartu nuenean, ezer gutxi zegoen, eta poliki-poliki egindako lana da. Ez dira sistema oso konplexuak. Urarekin konplexuagoak dira, baina badauka lana".
Herritarrak domekako ibilaldian eta bisitan parte hartzera gonbidatu ditu.