Maiatzaren 15a da San Isidro eguna, baina, ohi den moduan, hurrenen duen zapatuan ospatuko da Antzuolan: alegia, bihar. Halere, gaur hasiko dituzte ospakizunak, bertso jaialdia izango baita Torresoroan, 22:00etan hasita: Nerea Ibarzabal, Julio Soto, Eneko Araiztegi, Aitor Mendiluze eta Maider Arregi arituko dira bertsotan. Entradium plataforman daude salgai sarrerak, edo liburutegian: 15 euroko kostua du ohiko sarrerak, eta 8 eurokoa, gazte, ikasle eta langabeenak.
Bihar, berriz, ganadu eta salmenta-postuen azoka izango da eguneko protagonista, 09:00etan hasita. Aurten, Udalak emandako datuen arabera, 11 baserritarrek hartuko dute parte, eta sei behi, hamar artalde, hamabost behor, bi ahutz talde, lau ahari eta 11 asto izango dira Herriko Plazan. Horrez gain, 28 salmenta-postu jarriko dituzte; tartean, hamazazpi izango dira antzuolarrenak, eta bat aihertar batena.
Antzuolarren ekoizpenak salgai
Elikagaiak: Lizarraga auzoko sagardoa eta gazta; Txomin Etxezarreta, gazta; Xabier Gastañaga, txorixoa, txistorra eta pastak; Pikunieta, gazta; Amatxo, gazta; Jean Matitte, gazta.
Bestelako salmenta-postuak: Antzuolako Alardearen Kultur Elkartea; Harrera elkartea; Meaka-Irimo herri plataforma; Anelkar elkartasun taldea; Antzuolako Gure Esku Dago; Tere Agirrezabal, eskulanak; Alaitz Jauregi, ukenduak, xaboiak, olioak eta abar; Elvira Quintana, eskuz jositako arropak eta abar; Susana Morcillo, ideia diseinuak; Ana Moreno, grabatuak eta marrazkiak; Itziar Murgizu, margoak; eta Noa, Iraia eta Maddi, bitxiak.
Hala ere, goizean zehar izango dira ekintza gehiago: 11:30ean, Idolazen eskutik, Lehen Hezkuntzako ikasleen arteko herri kirolak egingo dira, eta 12:00etan, berriz, Alboradak txistulari taldearen eta trikitilarien kalejirak, herrian zehar. 12:30ean, Aiherrako eta Antzuolako gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izango da, Herriko Plazan.
Arratsaldean, pilota eta musika
Eskolako patioan bazkaltzeko aukera izango da, 14:30etik aurrera, nork bere jana eramanda, eta Kuxkuxtu taldeak girotuko du bazkalondoa musikarekin. 18:00etan, berriz, San Isidro pilota txapelketako finalak jokatuko dira, pilotalekuan: benjamin-alebin mailari dagokionez, Intza Agirre (Lapke) eta Ainere Azpiazu (Lapke) arituko dira pilotan, Aiora Arraztoa (Txaruta) eta Alaia Aranbururen (Ados) aurka; infantil-kadeteetan, berriz, Intza Arrutik (Ziotza) eta Dunixe Alberrok (Ados) aurrez aurre izango dituzte Larraitz Galardi (Oiarpe) eta Araitz Legarreta (Umore Ona). Aurrez, Gipuzkoako lau eta erdiko txapelketa jokatuko da: Olatz Insausti antzuolarra, Erasunen aurka.
Erromeriak ere ez du hutsik egingo aurtengoan, Gauargi taldearen eskutik, 19:00etan hasiko baita, Zurrategi plazan.
Artzain Txakur Txapelketa
11:30ean hasiko da Artzain Txakur Txapelketa, etzi, maiatzak 18, Ibarreko zelaian, eta sei parte-hartzaile izango dira: Javier eta Xabier Gastañaga aita-semeak, antzuolarrak; Asier Dacosta, aretxabaletarra; Bittor Bengoetxea, galdakoztarra; Mikel Garaiar, zumaiarra; eta Juanjo Garate, izurtzarra. Nor bere txakurrarekin arituko da lanean.
Egitaraua: bihar ez ezik, baita etzi ere
San Isidro azoka izango da bihar, egun osoko egitarauarekin; etzi, berriz, Artzain Txakur Txapelketa.
Maiatzak 17, zapatua
09:30. Azoka: ganadua eta salmenta-postuak.
11:30. Lehen Hezkuntzako lehen mailatik seigarrenera artekoen herri kirolak, Idolaz aisialdi taldearen eskutik.
12:00. Alboradak txistulari taldearekin eta herriko trikitilariekin kalejira; tartean, baita Kuxkuxtu taldea ere.
12:30. Antzuolako eta Aiherrako gazta eta sagardo dastaketa Herriko Plazan, bi euroren truke.
14:30. Bazkaria, eskolako patioan, norberak eramanda; ondoren, Kuxkuxtu taldearen saioa.
18:00. San Isidro pilota txapelketako finalak, pilotalekuan.
19:00. Gauargi taldearekin erromeria, Zurrategin.
Maiatzak 18, domeka
11:30. Artzain Txakur Txapelketa, Ibarren. Javier eta Xabier Gastañaga, Asier Dacosta, Mikel Garaiar, Bittor Bengoetxea eta Juanjo Garate.