Egutegian gordetzeko beste egun bat izango dute aurtengoan antzuolarrek, Kirol Eguna ospatuko baitute ekainaren 21ean, zapatuan, Udalak adierazi duenez. Herriko kirol talde guztiei aitortza egitea da helburuetako bat: "AKEren ekimenez sortu da ideia, eta herriko hainbat kirol taldeen nahiarekin bat dator. Antzuolan kirolari asko dago, eta guztiak ez dira futbolean aritzen; horregatik, egoki ikusi da ikuspegi zabalago bat ematea eta kirol aniztasuna balioan jartzea".
Herriko kirol taldeen eguna izanik, eurena izango da antolakuntzaren ardura, eta laguntzaile lanetan arituko da Udala. Momentuz, Olalde Pilota Elkarteak, Trial Motor Klubak, Ariznoak eta AKEk hartuko dute parte, eta asmoa da urtez urte eguna sendotzen joatea, "euren lekua" topa dezaten taldeek pixkanaka: "Kirol Egunak denontzat lekua eskaintzen du, eta ateak zabalik daude hurrengo edizioetan gehiago batzeko".
Ekintza batzuk, lotuta
Egun batera mugatuko den arren ospakizun handiena, aste osoan zehar kirol jarduera ezberdinak antolatzea dute asmo taldeek, eta horietako batzuk zehaztuta dituzte: esate baterako, Irati Gardoki antzuolarrak nutrizioari buruzko hitzaldi bat egingo du, zesta puntako ikastaro txiki bat ere egingo dute, eta Ariznoako gimnastek erakustaldi bat egingo dute. Hilaren 21ean, berriz, ospakizunaren egunean, Errealeko koltxonetak izango dira egun osoan zehar, AKEren eskutik, eta baita bazkari herrikoia ere. "Horrela, helburu da kirola, osasuna eta herri giroa uztartzea".