Landatxope jubilatu eta pentsiodunen elkarteak asanblada orokorra egin zuen atzo, hilak 29, Olaran kultur etxean, eta aldaketak egin dituzte zuzendaritzan, kide berriak sartu baitira. Hiru urteko ibilbidearen ondoren, Inma Beristainek, Josefina Aramendik eta Angel Peñalbak utzi egin dute batzordea, eta, lau urteren ostean, berriz, Joxe Angel Arbuluk. Orain, euren lekukoa hartuko dute Joseba Iparragirrek, Jabi Etxanizek, Mari Jose Rodriguezek eta Judith Iparragirrek. Gainera, ez dira bakarrik arituko lanean, bidelagun izango baitituzte aurrez ere batzordekide diren Txomin Dominguez, Jesus Zubikarai, Joxean Ugarteburu, Asun Narbaiza eta Mari Kontxi Laskurain. Hala ere, azaldu dute aurrerago zehaztuko dutela batzordekide bakoitzaren jarduna.
Maiatzeko ekintzak
Azken hilabeteotan jendea erakarri nahian aritu dira Landatxopeko kideak, jendearen parte-hartzea baxua zela iritzita; hala, besteak beste, hilabetean behin tertuliak antolatzen hasi dira, eguenetan, eta karta jokoan aritzeko egun gehiago zehaztu dituzte. Horrez gain, maiatzean egingo dituzten ekintzen berri ere eman dute: hilaren 7tik 14ra, Cadizera joango dira; 22an, berriz, buru osasunari buruzko hitzaldia antolatu dute, Amaia Garitano botikariaren eskutik, 17:00etan; eta azkenik, 28an, Sara Ictus Ictus taldeak iktusari buruz hitz egingo du, 17:00etan.