Lanak hasi aurretik, ate irekiak Antiguako ermitan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 5a, 08:35

Antiguako ermita, barrutik. Irudia: Goiena.

Maiatzaren 10ean eta 11n zabalduko dituzte ateak, Antigua batzordeak antolatuta; ermitaren historia ez ezik, egungo egoera ezagutzeko aukera ere izango da. Zaindu eta mantendu beharreko espazioa dela adierazi dute batzordeko kideek eta Eliza.

Ermitako erreteila konpontzeko ez ezik, barruko hormak pintatzeko asmoa ere badute Antigua batzordeko kideek, "konponketa sakona" behar duela iritzita. Haien arabera, teilatua "ez dago egoera oso onean, geroz eta nabarmenagoak dira itoginak", eta horrek eragin zuzena du teilatuaren zurezko egituran eta ermitaren barnealdean. Hala ere, lan horiek egiteko herritarren laguntza behar dute, diru ekarpenak egiteko aukera izango baitute hala nahi dutenek. Horretarako, gutunak banatuko dituzte etxez etxe datozen egunetan, eta, horrez gain, ateak irekiko dituzte datorren astean.

Antiguako ermitako hormak, hondatuta; eserlekuen atzean, itoginetarako kuboak. Irudia: Goiena.

Maiatzaren 10ean –12:00etan eta 18:00etan– eta 11n –12:30ean– zabalduko dituzte ateak, Iñigo Ramirez de Okarizen eskutik, eta, ermitaren historia ez ezik, gaur egungo egoera ezagutzeko aukera ere izango da, ermitaren osasunaz jabetzekoa eta egin beharreko lanak ezagutzekoa. "Ez bada ezer egiten, erori egingo da. Egun hauetan egin duen euri guztiarekin, adibidez, ur pila bat sartu da elizara, itogin asko daude, eta hilabeteak daramatza horrela. Zenbat eta gehiago utzi, orduan eta handiagoa izango da okerra", adierazi dute batzordekideek. Era berean, Imanol Prieto Antzuolako abadeak azpimarratu du Elizarendako ere garrantzitsua dela horrelako eremu bat zaintzea: "Mantendu egin behar da: fedearen seinale da, baita auzotarren fedearen fruitua ere, eurek eginiko lana baitago ermita honetan".

Auzotarrak batzordekide

Irimoegigoi auzoko auzotarrei egokitu zaie historikoki Antiguako ermitaren ardura, eta, hein batean, hala izaten jarraitzen du egun ere: sei kidek osatzen dute batzordea, baina azal- du dute auzotarrek ez ezik herritarrek ere har dezaketela parte, "kalean dagoela-eta herri osoari" dagokiola iritzita.

Lanak egiteko, herritarren laguntza


Teilatuaren azpian dagoen zurezko egitura, hondatuta. Irudia: Goiena.

73.286 euroko aurrekontua –64.378 euro, erreteila; 8.908 euro, pintaketa– zehaztu dute Antiguako ermitako lanetarako, baina, horiek gauzatzeko, herritarren laguntza behar dute. Horretarako, ES68 2095 5070 7110 6516 7016 (Kutxabank) edo ES15 3035 0040 19 0400005236 (Laboral Kutxa) kontu korronteak jarri dituzte euren eskura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak